2,1 milioi euro Enkarterriko Lanbide Heziketako ikastetxe itunduentzako,  eskualdea biziberritu eta berreskuratzeko

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, Enkarterriko Lanbide Heziketako itunpeko ikastetxeei 2.125.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea. Dirulaguntza horiek ekipamendu eta azpiegitura teknologikoki aurreratuak erostera bideratuko dira, bai eta gorabidean dauden sektoreetan enpresak sortzera zuzendutako ekimenak abian jartzera ere, eskualdea biziberritu eta berreskuratzea bultzatzeko.

Dirulaguntza hauen onuradun izan daitezkeen ikastetxeek, eskualdea berpizteko eta berreskuratzeko estrategikotzat jotzen diren eremu edo sektoreei lotutako prestakuntza-zikloak ematen dituzten heinean, honako jarduera hauetarako erabili beharko dute laguntza:

  • Ekipamendu eta azpiegitura teknologikoki aurreratuak eskuratzeko. Pertsonak prestatu eta gaitzeko izan beharko dute eskuratutako ekipamendu eta azpiegitura horiek, ingurune guztiz digitalizatuetan eta automatizatuetan lan egiteko beharrezkoak diren konpetentzia teknikoak zein zeharkakoak eskura ditzaten. Aldi berean, bultzatu beharko da, batetik, eskualdeko sektore estrategikoen beharrezko eraldaketa digitala, eta, bestetik, teknologikoki punta-puntakoak diren sektoreetako ekintzailetza, teknologia aurreratuak ezarriz.
  • Eskualdean eragin zuzena duten sektore emergenteetako prestakuntza eta ekintzailetza-programen gastuetarako, honako ildo hauetan: birziklatze profesionala; pertsonen birkualifikazioa, eskualdeko enpresen eskariarekin bat datorren prestakuntzaren bidez; ekintzaileentzako prestakuntza espezifikoa eskualdeko Lanbide Heziketako zentroetan; edo prestakuntza-programa espezializatuak hainbat sektoretan, hala nola energetikoan, elektromugikortasunean, abeletxe adimendunetan eta zahartze osasungarrirako etxebizitza adimendunetan.

Gaur egungo ingurune lehiakor honetan, gero eta konplexuagoak diren esparruek espezializazio-maila handiagoa eskatzen dute. Testuinguru horretan, funtsezkoa da Lanbide Heziketa ikasten duten pertsonen prestakuntza egokitzea enpresen beharrizan gero eta espezializatuagoetara. Era berean, funtsezkoa da langileen kualifikazioa hobetzea, enplegua sortzen duten sektoreek eskatzen dituzten konpetentziak emanez.

Berpiztu programa

Eusko Jaurlaritzaren 2020-2024 aldiko Berpiztu programak (Euskadiko Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko programa) jarduera esanguratsu bat jarri du abian, egoera ahulean dauden eskualdeak edo lehentasunezko jardun-eremuak bultzatzeko. Programa horren baitan, eskualde horietarako trakzio-proiektu batzuk dinamizatu nahi dira, 2021etik 2023ra bitartean gauzatu beharrekoak, foru-aldundiekin, udalekin eta eskualdeko eragileekin lankidetzan. Gaur egun, Enkarterrirako trakzio-proiektuen hautaketa bat  egina dago, egingarritasunaren, espero den eraginaren eta kokapen estrategikoaren arabera identifikatuta. Proiektu traktore horiek hainbat kudeaketa-arlotan eragiten dute, eta horien artean baita Lanbide Heziketan ere (Industria, Nekazaritza, Kultura, Enplegua, Osasuna, Etxebizitza edo Trenbide Azpiegiturez gain), eta 2021-2023 aldian gauzatu beharreko inbertsio-jarduera zehatzak dituzte jomuga.