Gobernu Kontseiluak Euskal Unibertsitate Sistemaren Legea aldatzearen aurkako irizpidea adierazi du

0
PRUEBA

Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legea aldatzeko lege proposamena kontuan hartzearen aurkako irizpidea adierazi du Eusko Jaurlaritzak, uste baitu unibertsitate eremuan aplikatzeko oinarrizko araudiak adierazten duela unibertsitate orok gizarteari eta pertsonei ematen dien zerbitzuaren interes publikoa, izaera publiko edo pribatutik bereizi gabe eta helburua edozein dela ere.

Gaur Gasteizen egindako bileran, Jaurlaritzaren Kontseiluak EH Bildu legebiltzar taldearen proposamena aztertu du. Bertan, irabazi asmoa duen edozein hezkuntza proiektu Euskal Unibertsitate Sistematik kanpo uztea eta diru laguntza publikorik jasotzen ez dela bermatzea proposatu du. Eusko Jaurlaritzak dio proposatzen den lege aldaketak eragina duela aplikatzekoa den oinarrizko araudian funtsezko alderdietan, eta funtsezko kontzeptuak aldatu nahi dituela. Araudi horrek edozein unibertsitate hartzen du aintzat, beti ere garatzen duen funtzioaren arabera.

Gainera, aplikatzekoa den oinarrizko araudiak berariaz jasotzen du unibertsitate publikoen eta publikoak ez direnen arteko araubide juridikoko aldeak ez direla oztopo unibertsitate horiek elkar ulertzeko. Gobernu Kontseiluak dio guztiek ematen dietela zerbitzua gizarteari eta pertsonei, prestakuntza, ezagutza eta gizarte-ongizatea areagotuz. Guztiei aitortu behar zaie gizartean betetzen duten zeregina, aniztasuna kontuan hartuta.