JANARIA EZ DA BOTATZEN kanpaina hasi da, Euskadiko biztanlegoa elikagaien xahuketaz sentsibilizatzeko

0

Basque Green Deal-Euskadiko Itun Berdea ekimenaren baitan, kanpaina hau urrats bat gehiago da janariak ez xahutzeko Euskal Estrategian.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Elika Fundazioaren bidez, Euskadiko elikakatean egiten den elikadura xahuketaren irismenari buruzko azterlan bat egiten ari da.

Azterlanaren behin-behineko datuen arabera, lehen sektorean ekoitzitako guztiaren % 3,7 galtzen da eta elikagai-industrian ekoitzitako bolumenaren % 5,36 galtzen dela uste da.

EBn, ekoitzitako elikagaien % 20 inguru galtzen edo xahutzen da, bestalde, bi egunetik behin 33 milioi pertsona inguruk ezin dute kalitatezko janaria eskuratu. Gainera, elikadura xahutzeak eragin izugarria du ingurumenean, EBn berotegi-efektuko gasen isurketa guztien % 6 inguru baitira eta lurraren eta uraren erabilera bezalako baliabide natural mugatuek alferrikako zama jasaten dute.

Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzak, Europako Itun Berdea sustatu asmoz, Basque Green Deal-Euskadiko Itun Berdea ekimena jarri du abian; eta ekimen horrek markatuko du Euskadik krisialdi klimatikotik irten eta garapen inklusiboagoa eta jasangarriagoa izateko jarraituko duen ibilbide-orria. Helburuen artean elikagaien xahuketa murriztea dago, NBEk ere Garapen Jasangarriko Helburuen artean (12.3 helburua) proposatu baitu “xehekako salmentan eta kontsumitzaileen artean alferrik galtzen diren biztanleko elikagaien kopurua erdira murriztea, eta elikagai-galerak murriztea ekoizpen- eta hornikuntza-kateetan” 2030erako.

2018 urtearen hasieran Eusko Jaurlaritzak, Elika Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioaren bidez, elikagaiak xahutzearen aurkako Euskal Estrategia diseinatu eta ezarri zuen NBEren 12.3 helburuari erantzuteko eta Elikadura Zirkularrarekin, Hondakinak Murriztearekin eta Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoarekin lotu zuen.

“Janaria ez da botatzen” kanpaina

2018an hasitako sentsibilizazio-jardueren baitan, eta Basque Green Deal – Euskadiko Itun Berdearen esparruan Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaian Politikako sailburuordeak eta Arantza Madariaga Elikako zuzendariak abenduaren 20ra arte garatuko den “Janaria ez da botatzen” kanpaina aurkeztu dute.

Hiru astez mezuak eta gomendioak emango dira idatzizko prentsan eta prentsa digitalean, irratian, sare sozialetan, autobusetan eta hiru euskal hiriburuetako markesinetan. Batetik, gizartea arazoaz kontzientziatu eta janaria “botatzearen” ondorioak azaldu nahi dira, eta, bestetik, irtenbideak edo gomendio xumeak eman nahi dira kontsumitzaile bakoitzak elikagaien xahuketa murrizten lagun dezan.

Euskadiko elikakatean elikagaiak xahutzearen irismenari buruzko azterlana

2019 eta 2020 artean ELIKAk koordinatu eta HAZI, AZTI, IHOBE, Euskadiko Elikaduraren Clusterra eta NEIKER zeuden lantaldeak EAEko xahuketaren diagnostikorako metodologiaren lehenengo diseinua eta zehaztapena egin zuen; xahuketaren eragin ekonomikoa, soziala eta ingurumen eragina ere zehaztu nahi ziren, xahuketa murrizteko aukerak zehazteaz gain, Europako Batzordeak elikagaien hondarrak modu uniformean neurtzeko ezarritako jarraibideen arabera.

Oraingoz, eta elikagaiak xahutzearen diagnostikoko lehen urrats gisa, lehen sektorea (nekazaritza eta abeltzaintza) eta elikagaigintza aztertu dira, FAOren arabera munduko elikagai-kate osoan egiten den xahuketaren % 30 sektore horretan izaten baita.

Behin-behineko datuen ondorio nagusiak honako hauek dira:

Lehen sektorea

Lehen sektorean ekoitzitako guztiaren % 3,70 galtzen dela uste da. Galera horiek honela banatzen dira nekazaritzako eta abeltzaintzako azpisektoreetan: % 7,10 nekazaritzan eta % 3 abeltzaintzan; baratzezaintza da galera handiena sortzen duen nekazaritzako jarduera.

Nekazaritzan galerarik handiena uzta biltzean edo ekoizpen prozesuan izaten dira (% 40) eta jarraian datoz klimatologiak, izurriteek eta abarrek eragindako kalteen ondoriozkoak (% 29,1) eta kalitate-estandarrak ez betetzearen ondoriozkoak (% 16,4). Erdia baino gehiago (% 57,6) ez da aprobetxatzen inondik eta inora, eta gainerakoa animaliak bazkatzeko izaten da, batez ere. % 3,4 baino ez da bidaltzen elikagaien bankuetara.

Abeltzaintzari dagokionez, galeren arrazoi nagusiak antzekoak dira: egiterakoan edo biltzerakoan (% 33,33), produktuan kalteak (% 27,45) eta estandarretara ez egokitzea (% 13,73). Galera hauen ia erdia (% 47,62) ez da aprobetxatzen, % 19,05 animaliak elikatzeko izaten da eta % 2,38 elikagaien bankuetara bidaltzen da.

Elikagaigintza

Elikagaien industria da nekazaritzako elikakateko bigarren kate-begia eta hala hartu du azterketak ere. Hasierako datuen arabera, ekoitzitako bolumenaren % 5,36 galtzen da.

Aldiz, txostenak nabarmentzen du enpresak ohartzen direla elikagaiak xahutzearen eragin ekonomikoaz, sozialaz eta ingurumenekoaz eta murrizteko lanean ari direla. Xahuketa handieneko jarduerak harakintza-industria, beste elikagai-industria batzuk eta ogia-ehokuntza dira.

Zergatiei dagokienez, galeren % 63,2 ekoizpen-prozesuan izaten da, % 19,3 kalitate-kontroletan eta % 12,3 ekoizpen-soberakinak daudelako. Galera horien % 25 balio erantsiko osagaiak ateratzeko izaten dira, % 21 elikadurara joaten da eta % 14 elikagaien bankuetara. % 21 ez da inondik eta inora aprobetxatzen.