Airearen kalitateak jarraitzen du hoberantz egiten EAEn

0

Airearen kalitateak jarraitzen du hoberantz egiten, urterik urtera, 2020ko Airearen Kalitatearen Urteko Txostenetik ondorioztatzen denez. Txostena Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak prestatzen du. Txostenak ondorioztatzen du airearen kalitatea neurtzeko aurreikusitako kutsatzaileen inguruko balio guztiei araudiak ezarritako mugen azpitik eutsi zaiela. Neurtzen diren kutsatzaileek eta neurketa-sarearen ezarpenak airearen kalitatearen inguruko Europako araudia betetzen dute, zeina 102/2011 Errege Dekretura ekarri baitzen; Dekretuan, mugak ezartzen dira eta airearen kalitatearen kudeaketa arautzen da. Araudi horrez gainera, Eusko Jaurlaritzaren neurketak Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendioak ditu kontuan.

Airearen kalitateak adierazten du atmosferan kutsatzaile gehiago edo gutxiago dauden, gizakien osasunerako eta ingurumenerako kaltegarriak izan daitezkeenak. Neurketa Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarearen bidez egiten da. Sare horrek 54 estazio ditu —mugikorrak eta finkoak—, eta Euskadi zortzi neurketa-eremutan banatzen du (Enkarterri-Nerbioi Garaia, Nerbioi Behera, Donostialdea, Ibaizabal Debagoiena, Kostaldea, Goierri, Arabako Lautada eta Euskal Autonomia Erkidegoko Erribera), indarrean dagoen araudiaren arabera. EAEko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareko 54 estazio horiek nitrogeno dioxidoa (NO2), sufre dioxidoa (SO2), karbono monoxidoa (CO), ozonoa (O3), partikulak (PM10 eta PM2,5) eta bentzenoa neurtzeko analizagailu automatikoak dituzte.

Emaitzak

Sufre dioxidoaren (SO2) mailak, 2020. urte osoan, airearen kalitateari buruzko araudian ezarritako mugen barruan egon dira. Kasu batean ere ez zen gainditu araudian ezarritakoa; alegia, 350eko balioak urtean 24 aldiz baino gehiago. Ez zen gainditu, bestalde, batez besteko egunerokoetarako ezarritako muga.

Nitrogeno dioxidoaren (NO2) neurketak direla eta, airearen kalitateari buruzko araudian ezarritako muga-balioak bete dira. Kutsatzaile hori dela eta, COVID-19agatiko konfinamenduaren ondorioz joan-etorririk egin ezin izateak eragina izan du erregistratu diren mailetan. EAEko hiru hiriburuetako trafiko-estazioetan lehen konfinamendu-aldi zorrotzenean erregistratutako datuak aztertuta, martxoaren 14tik apirilaren 30era arte, ikus daiteke jaitsiera nabarmena izan dela erregistratutako mailetan.

Material partikulatua, biriketara iristeko gai dena eta, bertan, bihotzeko eta biriketako gaixotasunak dituzten pertsonen osasunak okerrera egitea ekarri eta hantura eragin dezakeena, 10 eta 2,5 mikrometrotik beherako diametroa duten partikula guztiek osatzen dute (mikrak). Aireko partikulen urteko batez besteko kontzentrazioak behera egin du, pixkanaka, azken urteotan, EAEn. Partikula-mailak airearen kalitateari buruzko araudiak ezartzen dituen mugen barruan daude.

PM10-aren urteko batez bestekoari dagokionez, aurreko urteetako joerarekin jarraitzen da, eta batez besteko horien tartea metro kubikoko 7-21 mikrogramo bitarteko kontzentrazio-tartean kokatzen da (µg/m3). Estazio guztien PM2,5 partikulen urteko balioak araudiak ezartzen duen urteko mugaren azpitik daude. Urteko batez bestekoak Pagoetan eta Valderejon (landa-estazioak) erregistratutako 4.6 eta 4.7 µg/m3-ko minimoen eta Barakaldoko 12 µg/m3-ko urteko batez bestekoaren artean kokatu ziren.

Karbono monoxidoaren (CO) neurriak oso baxuak dira estazio guztietan, muga-balioaren oso azpitik. Ordu-balio altuenak dituen estazioa Erandioko trafiko-estazioa da, BI-711 errepidetik gertu dagoena.

Ozonoari dagokionez (O3), ez ziren 180 µg/m3-tik gorako balioak erregistratu (biztanleriari informazioa emateko atalasea). Epe luzera 120 µg/m3-ko helburua sarrien gainditu zuten estazioak Valderejo eta Urkiola izan ziren, garaiera handienean eta landa-eremuetan daudenak. Giza osasuna babesteko helburu den balioa dela eta (gehienez 25 aldiz 120 µg/m3-tik gora, batez beste hiru urtean), Valderejon baino ez da gainditu.

Bentzenoa dela eta, urteko batez bestekoak baxuak dira eta urteko araudiak ezartzen duen mugaren barruan daude; alegia, 5 µg/m3 da urteko batez bestekoa.

Metalen eta bentzo(a)pirenoaren mailak oso baxuak dira neurtu diren lau estazioetan: Mª Díaz de Haro (Bilbo), Erandio, Tolosako etorbidea (Donostia) eta Martxoaren Hirua (Vitoria-Gasteiz).

Datuen analisiak erakusten du EAEn betetzen direla egungo airearen kalitateari buruzko araudian ezarritako mugak, eta joera positiboa dela. Etorkizunean trantsizio ekologikoko erronkei aurre egiteko diseinatuko diren egoerak garrantzitsuak izango dira epe ertainean airearen kalitateari buruzko datu hobeak lortzeko.

Airearen kalitateari buruzko kanpaina bereziak

Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak, lurraldean zehar banatutako estazio finkoez gainera, ekipamendu mugikor batzuk ditu, eta haiek estazio finkorik ez dagoen lekuetan neurketa-kanpainak egiteko erabiltzen dira.

2021ean, zenbait helburu betetzeko kanpainak egin ziren 7 udalerritan: Bilbo, Durango, Ugao-Miraballes, Legutio, Pasaia, Erandio eta Ezkio-Itsaso. Kanpaina horiek zenbait arazori erantzuten diete, eta kasuz kasu garatzen dira, horren arabera jardun ahal izateko.

Durangoren kasuan, 2017. urtearen amaieran, bentzeno-mailak hauteman ziren oso hurbil etxebizitzak dituen industria-ingurunetik gertu dagoen puntu batean. Iturriak sakon aztertu ondoren, bentzenoaren jatorri nagusia poliestireno hedatuaren ereduaren gaineko galdaketa zela ikusi zen. Horren berri eman zitzaien Durangoko Udalari, Osasun Publikoari, Osalani, autonomia-erkidegoei, Euskadiko Galdaketa Elkarteari eta herritarrei. Prozesu hori egiten zuten eta bentzenoa igortzen zuten inguruko bi enpresekin elkarlanean lan egin zen. Enpresa horiek, oso denbora laburrean, neurri zuzentzaile batzuk proiektatu eta gauzatu zituzten, eta, horretarako, 1,7 milioi euroko inbertsioa egin zuten, eta 2020ko otsaila eta martxoa bitartean jarri ziren martxan.

2020ko azaroan, laborategi mugikor batean bentzeno-mailak egiaztatzeko kanpaina bat egin zen, airearen kalitaterako garairik txarrenean, eta bentzeno-mailak detektatu ziren lekuan.

2021eko abuztuan, bentzeno-mailen egiaztapena indartzea erabaki zen, iturriaren inguruko beste bi puntu osagarri gehiagorekin, bizitegi-eremuarekiko inpaktu-eremua egiaztatzeko eta mugatzeko. Kanpaina horiek aktibo jarraitzen dute.

Airearen kalitateari buruzko informazioa duen app-a

Herritarrek airearen kalitateari buruzko informazioa jaso dezakete, IOS eta Android gailuetan deskargatzeko eskuragarri dagoen “Airea-Calidad del Aire en Euskadi” aplikazioaren bidez. Mapa bat dauka, eta, bertan, Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sarea osatzen duten 54 estazioak kokatzen dira, eta aukera ematen du estazio bakoitzean erregistratutako airearen kalitate-indizea ikusteko, bai eta kutsatzaileen kontzentrazioei buruzko informazioa lortzeko ere. Tresnak, gainera, haien bilakaerari buruzko grafikoa eskaintzen du, azken 48 orduetako eta azken asteko datuekin.

Horrela, aplikazio mugikorrak sendotu egiten du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak (www.ingurumena.eus) dagoeneko eskaintzen duen informazioa.

2020ko EAEko Airearen Kalitatearen Urteko Txostena deskarga daiteke esteka honetan: https://www.euskadi.eus/informazioa/euskadiko-airearen-ebaluazioa/web01-a2ingair/eu/