Eremu ez formalak ere euskararentzat irabazi beharraren garrantzia azpimarratzen du Euskararen Nazioarteko Egunari begira Euskadiko erakunde nagusiek adostutako adierazpen bateratuak

0

Abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna eta aurten ere, iaz pandemiak eragindako etenaren ondoren, Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek, Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udalek, EUDELek eta UEMAk adierazpen instituzional bat adostu dute. Adierazpen hori gaur eman da ezagutzera Gasteizko Montehermoso kulturunean egin den irakurketa publiko baten.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendariak, Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendariak, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskararen Zuzendari Orokorrak, Estitxu Pereda Vitoria-Gasteizko udaleko Alkatetzaren eta Erakunde Harremanen saileko zuzendariak, Koldo Narbaiza Bilboko udaleko Hezkuntza eta Euskara zinegotziak, Iraitz Lazkano UEMAko presidente eta Elgetako alkateak eta Anartz Gorrotxategi EUDEL-eko ordezkari eta Arraiako alkateak irakurri dute “Euskara lanabes, aro berrirantz. Erabilera-eremu berri eta ez formaletan ere, euskarak arnas berri”  izenburupean adostutako adierazpena.

“Pandemiak agerian utzi du jakin bagenekiena: zenbateraino diren ezinbestekoak komunikazio ildo eta sareak, zenbaterainoko balioa eransten dion komunikazioak gure zeinahi jarduerari; orain, jakiteaz gain, sentitu ere egiten dugu errealitate hori: sakon-sakoneraino barneratu dugu komunikazioaren, harremanaren funtsezkotasuna. Hori da aro berriaren ezaugarri nagusietariko bat. Eta hori bera du euskarak erronka: komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea. Eraginkorki. Tinko” azpimarratzen du adierazpenak. Gaineratzen duenez, “hizkuntzaren erabilera formalekin batera, eremu ez formaletakoa landu beharra dago, behar besteko lehentasunez. Euskal hiztunak naturaltasun osoz gauzatu behar du euskaraz bizitzeko aukera, eguneroko harremanetan eremu formaletik lan mundu, aisialdi, kultur edo kirol eremuetara igarotzean, hori bera baita, hain zuzen ere, euskaraz bizitzearen esanahietako bat. Ezin dizkiogulako euskarari ukatu gorputz eta espirituaren atseden eta gozamenari lotzen zaizkion eremu horiek. Eta hor aurrera egiteko, hiztunen konpromisoa ez ezik ezinbestekoa izango da instituziook egin behar dugun ahalegina: bitartekoak jarriz eta eredugarritasuna erakutsiz”.

Adierazpen guztia esteka honetan.