Josu Erkoreka: “Euskadin gertatzen diren 4 trafiko-istripu larrietatik bat lan-esparruan gertatzen da”

0

Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak “Euskal enpresa, Bide Segurtasunarekiko konpromisoa Kudeaketa Aurreratuaren bidez’ trafikoko jardunaldi profesionala inauguratu du gaur goizean Donostiako Kursaal Jauregian, lan-esparruko bide-segurtasuna ardatz gisa hartuta. Josu Erkorekak azaldu duenez, “Euskadin gertatzen diren eta hildakoak edo zauritu larriak eragiten dituzten lau trafiko-istripuetatik bat lan-esparruan gertatzen da”. Berez, “aurten 552 istripu gertatu dira in itinere edo in mision, eta horietan 11 pertsona hil dira eta beste 47 larri zauritu dira. 2020a urte atipikoa izan zen pandemiaren ondorioz mugikortasunean ezarritako murrizketengatik, eta era horretako 568 istripu gertatu ziren eta horietan 8 pertsona hil ziren eta 52 larri zauritu ziren”, eta 2021ean aurreko urteko zifrek gora egingo dutela aurreikusten da.

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritza sentsibilizazio eta kontzientziazio neurrien bidez saiatzen da errealitate horri aurre egiten, eta neurri horietako bat da izan da Innovabide enpresa-sarea sortzea. Sektore eta neurri ezberdinetako 54 enpresa-erakunde biltzen dituen sare bat da, eta guztiek bide-segurtasunarekin konpromisoa hartuta dute eta euren langileen bideko arriskuak murrizteko lan egiten dute. Eusko Jaurlaritzak gertutik lan egiten du horiekin in itinere (hau da, lanpostuko joan-etorrietan), eta in mision (hau da lanean ibilgailu bat gidatzen) gertatzen diren istripuetan izandako hildakoen eta zauritu larrien kopurua % 40 murrizteko helburua betetzeko. Horregatik, Josu Erkorekak balioetsi nahi izan ditu “Euskadiko enpresa-sareak bide-segurtasunarekin hartuta duen konpromisoa eta enpresa-erakunde bakoitzak mugikortasun seguruagoa, jasangarriagoa, efizienteagoa eta arduratsuagoa lortzeko egiten dituen ahaleginak eta ekintzak”.

Eusko Jaurlaritzaren helburu hori eta helburua lortzeko ekintza zehatzak aurten onartutako 2025 Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko Plan Estrategikoan jasota daude.  Plan integral honek bere gain hartzen ditu Europako “Vision Zero” izenekoa eta NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuak, eta helburu orokorra da 2030erako % 50 murriztea Euskadiko errepideetako hildakoen edo zauritu larrien kopurua, edozein izanik ere istripuen arrazoia.

Hiru panel tematiko

Gaiaz hitz egiteko Bide Segurtasunaren arloko adituak elkartu dira Eusko Jaurlaritzak antolatutako Kursaal Biltzar Jauregitik formatu hibridoan egin den eta Irekian streaming bidez eman den Trafikoko Jardunaldian.

Lehenengo paneleko gaia Innovabide Sarea izan da, eta parte-hartzaileak izan dira: Fernando Sierra Euskalit – Kudeaketa Aurreraturako Euskal Fundazioaren zuzendari kudeatzailea; Maria del Mar Crespo MUTUALIAren prebentzioko arduraduna; eta Noemí Revilla GARLAN enpresako administrazio-arduraduna.

Bigarren panelaren gaia mugikortasun seguruaren ikuspegi europarra izan da, eta hizlariak izan dira:  Annick Starren Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziaren proiektu-arduraduna; Jennifer Carson Garraioaren Segurtasuneko Europako Kontseiluaren proiektu-arduraduna; eta Rui Ribeiro Portugalgo Bide Segurtasuneko Nazio Agintaritzaren presidentea.

Hirugarren panelean laneko istripu-tasan eragiten duten arrazoiak eta faktoreak aztertu dira, eta hizlariak izan dira Aitor Aritzeta UPV/EHUko Psikologiako irakaslea eta IN-ITINERE ekimenaren zuzendaria Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzarako; eta Jesús Monclús Mapfre Fundazioaren Prebentzioko eta Bide Segurtasuneko Arloaren zuzendaria.

Azkenik, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak eman dio amaiera jardunaldiari, “bide segurtasuna errepideen erabiltzaileen eta erakundeon erantzukizun partekatua da” esanez. Era berean, nabarmendu du “Innovabide Sarea izaten ari den hazkunde esponentziala, enpresa-erakunde askok Euskadiko enpresa-sarearen esparruan bide-segurtasuna hobetzeko hartuta duten benetako konpromisoaren isla moduan”.