Azpiazuk adierazi du «oso positiboa» dela EH BILDUrekin lortutako akordioa, elkarrizketaren eta akordioaren politika baliagarria, euskal gizartearen mesederako dena, balioesten baitu

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak telematikoki esku hartu du, etxean konfinatuta baitago, Euskadiko 2022ko Aurrekontuen babesa zabaltzeko EH Bildurekin lortutako akordioari buruz hitz egiteko, eta “oso positiboa” dela adierazi du.  Azpiazuk zinez eskertu du akordioa; izan ere, bere ustez, akordioak egiaztatzen du adostasunerako benetako borondatearekin lan egiten denean, lortu egiten dela. Era berean, sailburuak eskerrak eman dizkie Eusko Jaurlaritza babesten duten alderdiei, EAJ-PNVri eta PSE-EEri, izan duten konfiantzarengatik eta jarrerarengatik.

Pedro Azpiazuk testuaren garrantzi politikoa nabarmendu du, Euskadin gauzak beste era batera egin daitezkeela egiaztatzen baitu. “Euskadin posible da bideragarritasunaren eta elkarrizketaren politika”, adierazi du. “Politika baliagarriaren ariketa” hitzak erabili ditu sailburuak ardatza herritarren, bertako enpresen, gazteen…. ongizatea hobetzea duen akordioa, arazoak adostutako politika ekonomiko publiko baten bidez konpondu nahi dituena, deskribatzeko. “Azken batean, politika letra larritan, zaratarik eta karrankarik egin gabe”.

Egia da Jaurlaritzak erabateko gehiengoa duela kontuak aurrera ateratzeko, eta kuantitatiboki babes hori ez zela ezinbestekoa, baina Azpiazuren ustez, kualitatiboki oso garrantzitsua da, izan ere, une hauetan “Euskadik elkarrizketa, adi entzutea eta euskal gizartearen mesederako akordioak behar ditu” adierazi du.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak onartu du beste ikuspegi batzuk eskaintzen dituzten akordioen bidez Jaurlaritzak aurreikusitako aurrekontuetako gastu-politikak hobetzea eta indartzea lortzen dela.

“Akordio honek agerian jartzen du politikan ere zein garrantzitsuak diren apaltasuna eta eskuzabaltasuna”, adierazi du.

Eusko Jaurlaritzaren borondatea beti izan da ahalik eta adostasunik zabalena lortzea Euskadiko ekonomia eta gizartea suspertzeko aurrekontuen inguruan, eta asmo horrekin ekin zaie oposizioko taldeekin egin diren bilera guztiei. Zintzotasuna eta gardentasuna oinarri hartuta.

Euskadiko 2022ko aurrekontuek garrantzi estrategikoa dute ekonomia suspertzeko, enplegu-aukerak sortzeko eta gizarte-kohesioa bermatzeko. 13.100 milioi eurotik gora dira datozen urteotarako Euskadiren apustu nagusiak erabakigarritasunez eta berme osoz bultzatzeko. Inoiz ez bezalako aukera-leiho bat dago Europar Batasunak zerga-arauak eten izanak eragin duen egoera bereziaren ondorioz, eta inbertsio publikoa ardatz duten aurrekontuak direla esan daiteke.

Azpiazuk adierazi du EH Bildurekin azaroaren 10ean egindako lehenengo bileran aurkeztu zutela lehenengo proposamena, eta ordutik bi negoziazio taldeek lan handia egin dutela 20 egunetan diskrezio osoz.

“Euren eskakizunak gure aukeretara ekarri ditugu, eta konpromiso politiko batzuk baloratu ere egin ditugu, beti gure eskumen-esparruaren eta gure gaitasunen barruan, eta akordioaren inguruabarrak doitzen joan gara azken dokumentura iritsi arte. Helmuga akordio hau zen, eta horrela planteatu dugu bi aldeok. Mailaz maila”.

Eusko Jaurlaritzak alternatiba bideragarria, ekonomiaren arloan proposamen eskuzabala eta politikaren arloan neurtua, eskaini dio EH Bilduri. Akordio politikoek Lanaren eta Enpleguaren arloa, Etxebizitza eta I+G+b barne hartzen dituzte; eta neurri ekonomikoek Osasuna, batez ere Osakidetzan Lehen mailako arreta indartzea; Klima Larrialdia eta Energia Ongizatea, etxeetako energia-gastuetarako; gizarte-babeseko neurriak indartzea eta gazteen emantzipazioaren arloko politikak sustatzea.

2022rako Aurrekontuan eragina duten neurri ekonomikoen balioa 86 milioikoa da, eta horiei erantsi behar zaie 2021ean Jasangarritasun Energetikoaren Funtseko 90 milioiak aktibatzeko konpromisoa; eta I+G+b-ren arloko neurri politikoaren eragina 77 milioi euroan kontabilizatu da. Lortu den akordioak indartu egiten ditu Euskadiko 2022ko Aurrekontu Proiektuan jasota zeuden politika publikoak.

 

Vitoria-Gasteiz, 2021eko abenduak 2