Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera azaroa XXI. mendeko euritsuena izan da Euskadiko ipar-mendebaldean

0

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera azaroa XXI. mendeko euritsuena izan da Euskadiko ipar-mendebaldean eta Urola-Kosta eskualdean. Leku horietan, ohi baino bi aldiz gehiago egin du euria. Gainerako lurraldeetan azaroa oso hilabete hezea izan da, eta Euskadi osorako XXI. mendeko hirugarren azaro euritsuena izan da. Tenperaturari dagokionez, mendeko bigarren azaro hotzena izan da, eta batez besteko tenperatura ohiko batez bestekoa baino 1,2 ºC  baxuagoa izan da.

Euskalmeten datuen arabera, hilabeteko prezipitazioen errekorrak hautsi dira Enkarterrietan, Bilbo Handian, Arratia-Nerbioi eskualdean, Arabako kantauriar isurialdean, Gorbea inguruan eta Urola-Kostan. Bestalde, estazio batzuetan urte osorako hilabeteko errekorrak hautsi dira, eta, esate baterako, 382,3 l/m² erregistratu dira Abusun eta 412,6 l/m² Sodupe-Kadaguan. Era berean, hiru probintzietako estazio askotan gainditu dira azaroko eguneko prezipitazioen aurreko errekorrak, adibidez Miramongo estazioan 112,9 l/m² erregistratu dira, Ereñozun 115,4 l/m², Kapilduin 68,4 l/m², Urduñan 75,6 l/m² eta Ordunten 78,4 l/m², eta urte osorako errekorrak ere izan dira.

Bestalde, euri-egunek batez besteko klimatologikoa gainditu dute, eta 15-20 euri-egun zenbatu dira itsasertzean eta 15 Arabako Lautadan. Zazpi egunetan prezipitazioen baloreak oso ugariak izan dira, eta 30 l/m²-tik gora erregistratu dira, eta horietatik bostetan 60 l/m²-tik gora.

Tenperaturari dagokionez, azaroa hotza izan da Euskadi osoan, eta 1981-2010 aldi normaleko batez bestekoa baino 1,2 °C baxuagoa izan da. Itsasertzean batez besteko tenperatura 10-11 °C-koa izan da, eta hilabetea, beraz, oso hotza izan da. Balio horien arabera, aurtengo azaroa XXI. mendeko bigarren azaro hotzena izan da. Intsolazioari dagokionez, batez besteko balioa baino % 33 baxuagoa izan da, Arabako Errioxan izan ezik, kasu honetan balioak ohikoak izan baitira.

Muturreko egoera meteorologikoei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak guztira 12 abisu hori eta 4 alerta laranja aktibatu ditu, eta horietako 2 prezipitazio iraunkorrengatik eta beste 2 elurragatik. Egoera meteorologiko okerrena hilaren amaieran izan da, prezipitazio ugariak izan baitira eta elurra egin baitu maila ertainetan, eta horrek hainbat ibaik gainezka egitea ekarri du. Horrela, uholde-arriskuaren maila laranja gainditu da Bizkaian Kadagua, Ibaizabal eta Nerbioi ibaien arroetan, Gipuzkoan Oria eta Deba ibaien arroetan eta Araban Baia ibai-arroan.