Eusko Jaurlaritzak arreta berezia eskatu du EBren legegintza-prozesuan legegintza-eskumenak dituzten eskualdeentzat

0

Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia parte hartzen ari da EBko Eskualdeen Europako Batzordeak egun hauetan duen osoko bilkuran. Besteak beste, gai hauek eztabaidatzen ari dira: demokrazia indartzea Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziaren esparruan; Europar Batasunean etxerik ez duten pertsonen arazoa desagerraraztea; eta etorkizunean Frantziak presidentetza izatea EBko Kontseiluan, Emmanuel Macron presidentearen esku-hartzearekin.

Oraingoan, 10 irizpen eta 2 ebazpen bozkatu dira, eta Eusko Jaurlaritzak 14 zuzenketa aurkeztu ditu horiei buruz.

«Lege hobeak egitea» irizpenari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak adierazi du legegintza-eskumenak dituzten eskualdeek EBko gobernantzan duten tokia hobetu behar dela, eta bereziki hartu behar direla kontuan legegintza-prozesuan kontsulta publikoei egiten dizkieten ekarpenak.

2021-2027 Egitura eta Kohesio Funtsen genero-dimentsioari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak gomendatu du genero-berdintasunerako erakundeen laguntza izatea 2021-2027 programazio-aldiko programa eragileak egin, ezarri eta ebaluatzeko.

«Nekazaritza ekologikorako ekintza-plana» delako irizpen-proiektuari dagokionez, EAEko zuzenketek nabarmendu nahi dute NPBak, bigarren zutabearen barruan, ekoizpen ekologikoa sustatzeko laguntzak ere jaso dituela.

Azkenik, «Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa Gauzatzea» delako irizpen-proiektuan, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du eskualdeko eta tokiko erakundeei ematen zaien arreta eskasak arriskuan jartzen duela funtsak hobeto erabiltzea, eta nabarmen du estatuz azpiko erakundeek garrantzi handia dutela planak gauzatzean.