Lehendakariak Euskadiko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren VII. Kongresua inauguratu du

0
Fuente: Irekia.

Iñigo Urkullu Lehendakariak “Kirol (EKO)sistema lortzeko eraldaketa” izenburupean gaur eta bihar Europa Jauregian egingo den Euskadiko Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren VII. Kongresua inauguratu du gaur goizean.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea, Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusia, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea eta Jon Urresti Vital Fundazioaren Presidentea ere izan dira ekitaldian beste agintari eta ordezkari batzuekin batera.

Lehendakariak bere agerraldian kongresuaren helburu nagusia gogoratu du: “pandemian zehar inoiz baino argiago ikusi dugu osasunak zein garrantzia duen, zein lehentasuna duen gure bizitzan eta gure gizartean. Gure osasunarekin zuzenean lotuta dago kirola eta jarduera fisikoa. Horregatik, gizartean dauden arazoei irtenbideak eskaintzeko ekarpena egin ditzakete kirolak eta jarduera fisikoak. Hori da zazpigarren Biltzar honen xedea”.

Lehendakariak gogoratu duenez “egiaztatu ahal izan denez, jarraitasunez egindako jarduera fisikoak gaixotasun asko saihesten eta tratatzen laguntzen du. Euskadin bizitza itxaropena munduko luzeenetakoa da, baina gure kezka ez da bakarrik zenbat urte biziko garen, baizik eta nola bizi ditugun urte guzti horiek, nolakoa izango den urte guzti horietan gure osasuna. Horretarako beharrezkoa da prebentzioan lan egitea, egoera horiei aurre hartzea, denok gehiago mugitzea”.

Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Mugiment egitasmoak gizarte aktiboago bat bilatzea helburu duela gogoratu du Lehendakariak eta horrela “Euskadi osasuntsuago bat eta, ondorioz, zoriontsuago bat lortzeko”.  Horretarako “jarduera fisikoa eta kirola bultzatu behar ditugu eta horretarako kirol-ekosistema osoaren laguntza ere behar dugu. Auzolanean egin behar dugu bidea: Erakundeak, Kirolaren sektoreak eta Gizarteak” esan du Iñigo Urkullu Lehendakariak. Horretarako betetzen ari diren konpromisoak gogoratu ditu: “Kirol Arloko Lanbideetan Sartzeari eta Jarduteari buruzko legea; jarduera fisikoaren eta kirolaren lege berria; edo dopinaren aurkako legearen eguneratzea”.