Skatepark berria Izarraizko Atea parkean egitea adostu dute zaletuek eta udalak

0
Skatepark berria Izarraizko Atea parkean egitea adostu dute zaletuek eta udalak

Skatepark zaharrean ibiltzen diren zaletuek, gaztelekuko nerabeek eta udalak elkarlanean diseinatu dute skate park berria. Leihaketa publikoa abian da eta datorren udaberri ingururako parke berria eginda egotea aurreikusten da. Parkea egiteko gehienezko inbertsioa 330.334,34€koa izango da.

Dena ondo bidean, skatepark berria izango da udaberrian Azpeitian. Loiolako Inazio Hiribidearen albo batean izango da zehazki; Izarraizko atea parkean. Horretarako lehiaketa publikoa abian du Azpeitiko Udalak. Obra eskaintzak aurkezteko azken eguna abenduaren 13a izango da eta kontratua esleitu ostean, lau bat hilabeteko epean eraikiko da. Skatepark berriak 1.130 metro koadro izango ditu eta modalitate ezberdinetako kiroletarako balioko du.

«Gero eta zaletasun handiagoa dago patin, monopatin, skate eta bizikletetan ibiltzeko herrian. Zaletasuna duten talde desberdinen eta nerabeen artean egin zen parte hartze prozesuan egindako behar eta eskaerak aztertuta osatu dugu denon artean proiektu berria», adierazi du Mikel Odriozola zinegotziak. Parkea definitzeko prozesuan guztiek hartu dute parte, eta alde horretatik gustra dago: «Beraiek dakite zer den behar dena, eta modalitate desberdinetan aritzen diren gazte desberdinen ekarpenetatik abiatuta egin dugu diseinua».

Sanjuandegi auzoan duela urte asko egindako skateparka dago, eta hasieran, eskaera hura berritzea zen. Aztertu ere egin da berritzea: «Sanjuandegikoa berritzeko helburuarekin hasi ginen, hori zelako eskaera. Proiektua egin genuen, baina zaharra izanda eta gunea ere mugatua izanda zaila zen. Horretaz gain, zaratak direla-eta gune hori ez da oso egokia. Horregatik gune berri baten egitea proposatu genuen, eta horrela egingo dugu», gaineratu du.

Iñigo Garcia da prozesuan parte hartu duen gazte zaletuetako bat, eta «oso gustura» dago skatepark berria eraikitzeko proiektuarekin: «Guk beti zaharra berrituko zela uste izan dugu. Lekuz aldatzeak pena pixka bat ematen dit neuri, azkenean beti hor ibili garelako, baina berria eraikiko den gunea ere egokia eta ederra da, eta oso gustura gaude osatutako proiektuarekin», adierazi du. Azpeitian, lineako patinetan, monopatinetan, skatean eta bizikletan ibiltzen diren 30 lagunetik gora ibiltzen direla zehaztu du eta denen artean hitz egin dute: «Modalitate desberdinetan ibiltzen garenon artean egin dugu proiektu berriaren lanketa eta oso gustura gaude osatutako proiektuarekin». Orain, udaberrirako zain daude, parke berria noiz estrenatuko zain.

 

Skatepark berria

Skatepark berrian 1.130 metro koadro inguruko pista izango du Izarraizko Atea parkean, etorbidearen ondoko zelaian. Parkea inguruan integratuz, eremuari bizia eman eta herriko beharrei erantzutea da helburua. Bertan, street  eta art skateboarding modalitateetarako egokia den azpiegitura egingo da. Bi gune izango ditu, baina lotuta egongo dira. Azpiegiturak hasi berri zein esperientzia duten zaleentzako aukera desberdinak eskainiko ditu.

Parkeak erdigunean bainera izango du eta egitura berean hiru zona egingo dira; ertz eta kurba desberdinak izango ditu eta 4,5 zentimetroko spinearen bidez elkartu eta zabalgunean bilduko dira. Horretaz gain, Street gunea ere izangoda erdigunearen eta baineraren artean. Bertan patinatzeko elementu desberdinak izago dira.