Aguraingo araztegi berria martxan jarri da Zadorrari Lautadako karga kutsatzaile handiena duen isurketa saihesteko

0

Aguraingo hondakin-uren araztegi berria martxan jarri da, eta azken urteetako Euskadiko isurketa arazotsuenetako bati irtenbidea ematen dio, Zadorrara Lautadako karga kutsatzaile handiena zuen isurketa saihestuz. URA-Uraren Euskal Agentziak (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikia) Aguraingo HUAren obrak osatu ditu, eta horrela ezagutu eta egiaztatu ahal izan dute bertatik bertara Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak, Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzálezek eta Aguraingo alkate Ernesto Sainz Lancharesek.

Hiriko hondakin-uren araztegi berriaren eraikuntzak 6.350.000 euroko aurrekontua izan du, eta 22 hilabete behar izan dira behin betiko eraikitzeko. Orain, URAk arazte-prozesua abian jarri, doitu eta kontrolatuko du 6 hilabetez, HUAren etorkizuneko kudeaketan eta ustiapenean parte hartuko duten langileen taldearekin batera: ekipamendu, funtzionamendu eta lan-prozesuan trebatzeko.

Hondakin-uren araztegia Aguraingo Udalari eskualdatuko zaio, eta hark lagako dio Urbide- Arabako Ur Partzuergoari, hark kudeatu eta ustiatu dezan. Horri esker, instalazioaren iraunkortasun teknikoa eta ekonomikoa bermatu ahal izango dira. Instalazioaren konplexutasunak eta iraunkortasunak (50 urterako aurreikusitako bizitza erabilgarria) udalerriko uraren hiri-zikloaren kudeaketa eraginkorra egiten dute beharrezko.

Arazte-prozesu horren helburua da baimendutako isurketa-parametroak betetzea, ingurune urtar-hartzailearen egoera ona bermatzeko. Araztegiaren diseinuak nitrogenoa eta fosforoa ezabatzea ahalbidetzen duen sistema bat barne hartzen du, eta sistema indartu da tratamendu tertziario baten bidez. Tratamendu hori automatikoki aktibatzen da eta araztutako uraren iragazketa egiten du, tratamendu biologikoaren eta bigarren mailako dekantazioaren irteeran eskatutako parametroak lortzen ez badira.

Hondakin-uren araztegia ia 34.000 biztanle-baliokiderentzat diseinatu da, gehienez ere; 350 m³/orduko ur —100 litro/segunduko— tratatu ditzake; eta 900 m³/ordu inguru —250 litro/segundoko— aurretratzeko gai ere bada. Hondakin-uren araztegira irits daitekeen gehienezko emaria orduko 3.000 m³ ingurukoa da, 800 mm-ko diametroko kolektoretik; eta eguneko, batez besteko 4.187,00 m³-ko emaria tratatzeko prestatuta dago. Eta ekaitz-tanga bat ere badu, prezipitazio handiko uneetan hondakin-urekin nahasten diren euri-uraren emari handiak atxikitzea ahalbidetuko duena, eta, horrela, ibaiaren ibilgura araztu gabe isurtzea eragotziko duena.

Sistema osoa egokitu da tratatu daitezkeen isurketa-motei, zein urak itzultzen diren ingurune urtar-hartzailearen beharrizan funtzionaletara; horregatik, tratamendu tertziarioko sistema berria sartu da HUAren irteeran uraren iragazketa hobetzeko.

Era berean, ustiapen-lana erraztu da eta HUAren kontsumo elektrikoan aurrezpen energetiko esanguratsuak sustatu dira. Esate baterako, energia-kontsumoa asko murrizten duten haize-emaile hibridoak ezarri dira, eta biotrickling-aren bidez kiratsa ezdeusteko sistema bat (alegia, airearen berriztapenak baliabide biologikoez egiten dituena).

HUA eta Zadorra ibairako irteerako kolektore-isurbidearen arteko indusketa guztietan ateratako lurren bolumena 45.000 m³ ingurukoa izan da. Indusketetan erabilitako lurrak betelanetarako erabili dira, HUAren lurzatiaren barruan, eta eremua landareztatzeko. Lurpeko eta aireko hodien sarearen distantziak 10.000 metro lineal baino gehiago ditu (diametro askotarikoak).

Euskadiko isurketa-puntu problematikoenetako bat

Araztegi berriaren instalazioak Euskadiko isurketa-puntu problematikoenetako batekin amaituko du.

Instalazio hori berme gehigarri bat da ingurune bereziki sentikor batentzat, Zadorrako goiko tartearentzat, hain zuzen ere: Euskal Autonomia Erkidegoko hornidura-iturri nagusia den Ullibarriko urtegian ura isurtzen baitu. Gainera, hiru faseko tratamendu indartua izango du (aurretratamendua, sekundarioa eta tertziarioa), tratatutako urak ibaiaren ibilgura ahalik eta kalitate onenarekin itzul daitezen.

Aguraingo araztegi berria Uraren Euskal Agentziak eta Arabako Foru Aldundiak sinatutako Azpiegitura Hidraulikoei buruzko Esparru Akordioaren (2017-2027) proiektu nagusienetako bat da

Azpiegitura aitzindaria

Arantxa Tapia sailburuak nabarmendu duenez, URAk eraiki duen azpiegitura azken belaunaldikoa da, eta etxeetako eta industrietako isuriak tratatzen du. Gogorarazi duenez, urak arazteko eta tratatzeko teknologiak aukera ematen digu gaur egun HUA hau diseinatzeko: familien uraren kudeaketa, zein jarduera ekonomiko iraunkorragoa eta profesionalagoa bermatzeko, baita epe ertain-luzera Agurain inguruan ezarriko diren jarduerena ere.

Tapia pozik agertu da “azken urteetako isurketa zailenetako eta arazotsuenetako bati irtenbidea emateagatik, ez baitziren betetzen ibilgura itzultzen diren urek izan behar dituzten kalitate-eskakizunak. Zadorra ibaiak Lautadan karga kutsatzaile handieneko isurketa saihestuko du”. Amaitzeko, nabarmendu du “Eusko Jaurlaritzak uraren ziklo integrala hobetzen jarraituko duela, arazketa-sistema berriak txertatuz, azpiegitura-defizitari aurre egiteko eta ibaietara egiten diren isurketak nabarmen hobetzeko, eta, adibide gisa, aurreratu du Arabako lurralde historikoan uraren euskal agentzia amaitzen ari dela Moredako saneamendu-sistema eta hondakin-uren araztegia eraikitzeko proiektuaren idazketa, zeinaren obrak datorren urtean egingo diren”.

Ernesto Sainz Lanchares Aguraingo alkateak nabarmendu duenez, Aguraingo Hondakin Uren Araztegi berriaren eraikuntza arrakastaz burutu da. Aguraingo Udalak azpiegitura hori oinarrizkotzat eta ezinbestekotzat jotzen du, bi arrazoirengatik. Lehenengoa, eta garrantzitsuena, funtsezko tresna baita aguraindarrok uraren zikloa osatu ahal izateko, gure ibaiei ura baldintza ezin hobeetan itzultzen diegula ziurtatuz, giza garapen jasangarriak eskatzen dizkigun printzipioak aplikatuz. Bigarrena, azpiegitura berri horrek gure udalerriaren etorkizuneko hazkundea bermatzen digulako, bai bizitegi-eremuarena, bai gure industrialdeena; izan ere, hazkunde hori hipotekatuta geratu da orain arte, zaharkitutako HUAren prestazio eskasak zirela eta”.

Bestalde, Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzálezek gogorarazi du “ezinbestekoa dela gure biodibertsitatea zaintzea ere. Arabak du Euskal Autonomia Erkidego osoko kapitalik handiena, eta azaleraren % 27 naturgune izendatze-neurrien bidez babestuta dago. Eta altxor horri eusteko, ezinbestekoa da gure ibaiak mantentzea, eta, gaur egun, oso urrats garrantzitsua ematen dugu alde horretatik, ibaiak zaintzeko eta mantentzeko”.

“Arabako Hornikuntza eta Saneamendua Zuzentzeko Planaren mugarrietako bat da Aguraingo araztegia martxan jartzea. Agurainek eta Lautadak horrelako azpiegitura bat behar zuten, behin eta berriz errepikatzen ziren arazoak saihesteko”.