Gazteen Behatokia: 2021ean, Euskadiko 30 urtetik beherako hamar gaztetik lauk esan dute boluntario-lanak egiten dituztela edo egin izan dituztela

0

Gazteen Euskal Behatokiak 30 urtetik beherako pertsonei inkesta egin die boluntariotza-jardueretan parte hartzeagatik, eta %11,5´ek erantzun du boluntario-lanak egiten dituela gaur egun. Bihar igandea, abenduak 5, Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna da.   Agurtzane Llano Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria zuzendariak azaldu duenez, ia 2016ko ehuneko bera da. Lehenago egin dutela diotenen ehunekoa aztertuz gero, 2021eko ehunekoa aurreko urteetako baino nabarmen handiagoa da.

Errealitate hori lotuta egon daiteke 2020ko etxeko konfinamenduaren lehen asteetan sortu ziren ekimen antolatu eta bat-batekoekin, horietako askotan gazteak egon baitziren inplikatuta. «Boluntariotza-lanak egin dituzten gazteen kopuruaren bilakaera oso positiboa izan da», uste du Agurtzane Llanok.  “Gaur egun boluntario-lanak egiten dituztela dioten gazteen ehunekoari erreparatuz gero, ikusiko dugu handixeagoa dela emakumeen artean (% 12,3) gizonen artan baino (% 10,7)”.

Ehunekorik handiena 20 eta 24 urte bitartekoei dagokie (% 14,9). Bestetik, 15 eta 19 urte bitartekoen artean, % 10,2k egiten ditu gaur egun boluntario-lanak eta 25-29 urtekoen artean % 9,5ek, hau da, azken adin-talde honetan jaso da ehunekorik txikiena.

Jarduera-eremu nagusia haurrekin eta gazteekin lotutakoa da; izan ere, gaur egun boluntario-lanak egiten dituzten gazteen % 39,0k arlo horretan egiten ditu. Gainera, % 15,5ek dio boluntario-lanak egiten dituela pobrezia desagerraraztearekin, garapenerako lankidetzarekin, etorkinei edo errefuxiatuei laguntzearekin eta abarrekin lotutako jardueretan; beste % 7,8k kulturaren eta/edo ondare artistikoaren edo kulturaren esparruan; % 6,9k, ekologiaren eta ingurumenaren arloan; % 6,6k, desgaitasunaren eremuan; beste % 5,7k, nagusiekin lotutako jardueretan eta gainerakoek pisu portzentual txikiagoa duten eremuetan, hala nola, osasunean, adikzioetan edota larrialdietan.