Eusko Jaurlaritzak sektore publikoan eta pribatuan alokairuko etxebizitzak sortzea sustatzeko eta elkarlaneko etxebizitzak arautzeko agindua onartu du

0
PRUEBA

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera.

Jaurlaritzaren bozeramaileak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak bizitegitarako etxebizitza eta eraikinen alokairua eta erabiltzeko beste modu batzuk sustatzeko jarduketei buruzko agindu berria onartu duela. Zupiriak azaldu duenez, eraudi berri hori EAEko Etxebizitza Legeak garatzen du, erakunde-maila guztietan alokairua sustatzeko, eta, gainera, elkarlan publiko-pribatuko formulak jartzen ditu abian, sektore pribatuak ere arrazoizko prezioko alokairua susta dezan.

EROSKETA ETA KONTRATAZIO BERDEAREN PROGRAMA

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen 2030erako Programa aurkeztu du. Programa Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Ekonomia eta Ogasun Sailak egin dute elkarrekin, hainbat erakunde publiko eta pribaturen parte-hartzearekin.

Tapia sailburuak nabarmendu du programak ezartzen duen helburua euskal administrazio publikoek egiten dituzten kontratazio eta erosketen % 75 irizpide jasangarriez egitea dela, ingurumen-inpaktu handiena dutenen kasuan, hamarkadaren amaierarako. Gainera, indarraldiaren amaierarako espero diren emaitzetako batzuk honako hauek izango direla adierazi du: produktu, obra eta zerbitzu berdeen erosketa eta erabilerari lotutako karbono-isurketak % 26 murriztea; eta euskal erakunde publiko guztien hornidura elektrikoaren % 100 iturri berriztagarrietatik etortzea.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren arabera, Programa berriak euskal enpresa-sektorearen rola eta protagonismoa indartzen ditu, besteak beste produktu eta zerbitzu ekodiseinatuen eskaintza sustatuz. “Aldi berean, erosketa berde pribatua ere bultzatu nahi da, merkatuarekin modu koordinatuan arituz, ekintza publiko-pribatuaren onurak hedatzeaz batera, ingurumenaren babesean ez ezik enpresen lehiakortasunean eta Euskadiko pertsonen ongizatean ere eragina izan ditzaten”, gaineratu du. Programa horren helburua da euskal sektore publiko osora iristea eta atxikitako erakunde publikoen kopurua 150era igotzea; halaber, gutxienez berrogeita hamar enpresa pribaturen atxikipena lortu nahi du.

Halaber, Arantxa Tapiak azpimarratu du euskal sektore publikoa aurrendaria dela Europan, erosketa eta kontratazio publiko berdearen ezarpenari dagokionez: 20 urteko ibilbidea egin du eta nazioarteko sariak jaso ditu. “Orain, 2030era arte iraungo duen etapa bat hasten da, eta horri begira Euskadiko Erosketa eta Kontratazio Berdearen Programa berri honek erronka berriak hartzen ditu bere gain, euskal ekonomia- eta ingurumen-politikaren koherentzia segurtatuz lehentasunezko hiru eremuetan -ekonomia zirkularra, klima-aldaketa, eta ingurune naturala eta biodibertsitatea-, erosketa eta kontratazio publiko berdearen ezarpena finkatzeaz batera; gainera, nobedade nagusi gisa, enpresa-sektorea mobilizatzen du berak ere irtenbide jasangarriak eskaini ditzan, ingurumen-errendimendu handiagoa lehiakortasun handiagoarekin uztartuz”, adierazi du sailburuak.

AZPIEGITURA KULTURALAK

Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak azaldu du Gobernu Kontseiluak gaur onartu duela arte eszenikoen edo musikaren lanbide-jarduera garatzen den azpiegituren modernizazio eta kudeaketa jasangarrira bideratutako inbertsio-proiektuen finantziazioa. Guztira 978.349,91 euroko deialdia izango da. Deialdia Europar Batasunak Finantzatutako Next Generation EU Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dago.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Gainera, ohikoa den bezala, Bingen Zupiria sailburuak, jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Jaurlaritzaren Kontseiluak 432,45 milioi euroko gastua onartu du datorren urterako, aurrekontua onartu aurretik, diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria jasotzeko eskubidea duten pertsonen diru-sarrerak garantizatzeko.

Halaber, Gobernu Kontseiluak 3 milioi euroko partida onartu du langabetuei zuzendutako kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak diruz laguntzeko eta 7,5 milloi gazteei administrazio publikoetan eta sektore publikoko erakundeetan lehen esperientzi profesionala sustatzeko.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailari dagokionez, Gobernuak zuzeneko dirulaguntzak emango dizkie Abanto-Zierbenako, Trapagarango eta Portugaleteko udalei auzo kalteberetan hiri-berroneratzerako proiektuak abian jartzeko.

OSASUNA

Bere aldetik, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik koronabirusak Euskadin duen eraginari buruzko datu eguneratuen berri eman du, eta kezkatuta agertu da pandemiaren ondorioz osasun-sistemak tentsio handiagoa izan duelako.

Prentsa-txostena