Lanbidek eta Osalanek enplegu-programetarako eta lan-arriskuen prebentziorako laguntzen deialdiak aurreratu dituzte

0

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak proposatuta, Jaurlaritzak enplegu-programetarako eta lan-arriskuen prebentziorako laguntzen deialdia aurreratzea onartu du, 2022ko aurrekontuak indarrean sartzen diren unetik eskuragarri egon daitezen.

Lanbideren kasuan, enpleguarekin lotutako bost laguntza-deialdi dira. Lehen helburua 16 eta 30 urte bitarteko gazteei administrazio publikoetan eta sektore publikoko erakundeetan lehen esperientzia profesionala emateko programa bat finantzatzea da. Europar Batasunak finantzatutako 7,5 milioi euroko zuzkidura du, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Era berean, 3 milioi euroko partida bat onartu da, langabetuei zuzendutako kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-ekintzak diruz laguntzeko. Programa honen helburua EAEn instalatutako edo ezarri berri diren enpresek sortutako lanpostu berrietara egokitutako prestakuntza espezializatua eskaintzea da. Enpresek edo erakundeek konpromisoa hartu behar dute prestakuntza-ekintza amaitzen duten pertsonen % 50 kontratatzeko gutxienez, eta kontratazioek gutxienez sei hilabeteko iraupena izan beharko dute lanaldi osoan, eta urtebetekoa lanaldi partzialekoa bada. Emandako prestakuntza-espezialitatearekin lotutako lanbide eta kategoria batean kontratatu beharko da.

Gobernu Kontseiluak 2022rako txanda-kontraturako laguntzen deialdia ere onartu du. Azken hartzaileak, alde batetik, lanaldi osoko txanda-kontratu baten bidez kontratatzen diren 30 urtetik beherako edo 45 urtetik gorako langileak edo langabeak dira. Kontratu horrek mugagabea izan beharko du hasieratik, edo mugagabe bihurtu beharko da, gehienez ere, ordeztutako pertsonak erretiro osoa hartzen duenean. Bestetik, 30 urtetik beherako langabeak edo 45 urtetik gorakoak, txanda-kontraturen baten ondorioz kontratu gehigarria sinatzen zaienean. Diru-laguntzaren zenbatekoa 8.400 €-koa da kontratatutako pertsona bakoitzeko, eta kopuru hori % 10 igoko da txanda hartzen duen pertsona emakumea bada. Programak milioi bat euroko zuzkidura du, eta, beraz, 115 laguntza-eskaerari erantzun ahal izatea espero da.

2022an, emakume langabetuak lan maskulinizatuetan prestatzeko eta kontratatzeko proiektuetarako diru-laguntzen programaren deialdi berri bat egingo da. Programa hau aurten jarri da martxan lehen aldiz, eta soldata-arrakala murriztea du helburu, emakumeak oso presentzia txikia duten sektoreetan txertatuz. Aurrekontuko bi milioi euroetatik 860.000 kontratazio-konpromisoa duten prestakuntza-jardueretarako dira, eta 1,14 milioi zikloa osatzen duten eta, gutxienez, sei hilabetez lanaldi osoan diharduten ikasleen % 70 kontratatzeko.

Era berean, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko Lehen Aukera laguntza-programaren deialdia onartu da. Langabezian dauden eta aurretik lan-esperientziarik izan ez duten edo beren titulazioarekin zerikusia duten enpleguetan esperientzia gutxi duten gazteak jaso ahal izango dituzte. 2022rako lau milioi euroko zuzkidurarekin, praktikaldiko 550 kontratu eta 150 kontratu mugagabe finantzatzea espero da.

Bestalde, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak deialdia egiten du hurrengo ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetako edo lantokietako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten erakunde publiko edo pribatuentzako diru-laguntzetarako. Deialdi honek 300.000 euro ditu.