Osasun sailak Biocruces Bizkaiarentzako dirulaguntza onartu du, ikerketa genomikorako sekuentziazio-sistema bat erosteko

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduiren Agindua, Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuaren Elkarteari zuzeneko dirulaguntza ematea onartzen duena, NovaSeq 6000 sekuentziazio-sistemaren erosketan laguntzeko. Dirulaguntza 500.000 €-koa da, eta erosketaren guztizko zenbatekoaren (880.000 €, BEZik gabe) % 60 estaliko du gutxi gorabehera.

Horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistema publikoak Illumina® konpainiaren NovaSec™ 6000 sekuentziazio-sistema gehituko dio bere teknologien katalogoari datozen egunotan. Azken belaunaldiko ekipamendu berritzaile horri esker, Osakidetzak erronka berriei aurre egin ahal izango die eta erreferente izango da bai asistentzia-mailan bai osasunaren arloko ikerketan eta berrikuntzan. Ildo horretan, NovaSeq 6000 sistemarekin aukera berriak irekitzen dira ikerketa genomikoan, eta, horri esker, pazienteak hobeto sailkatu ahal izango dira zenbait azpipopulaziotan, eta, era berean, haien patologien diagnostiko hobea edo tratamendu zehatzagoa egin ahal izango da.

Gainera, doitasunezko medikuntza pertsonalizatuaren alde egiten dugu, eta, horretarako, osasun-ikerketako institutuen eta Osakidetzaren asistentzia-sistemaren arteko baterako kudeaketa-eredu berriak beharko ditugu, osasun-asistentziaren eskutik aurrera egin behar duen ikerketaren paradigma berrian Euskal Autonomia Erkidego osoari zerbitzu emateko.

Azpiegitura berri horrek aukera emango du, halaber, gaixotasun arraroekin lotutako biomarkatzaile berriak identifikatzeko. Horrek atea zabalduko dio itxaropenari gisa horretako patologien diagnostikoan eta tratamenduan.

Osasun Sailaren 2021-2024 aldirako Marko Estrategikoan identifikatutako erronken barruan kokatzen da mugarri hori. Besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistema hobetzen jarraitu nahi du, pertsonen osasuna hobetzen lagunduko duten azpiegitura berrietako inbertsioaren bidez.