Azpeitiko Udal euskaltegia eta Txolarte aisialdi taldeak Telefonika eraberrituan izango dute egoitza berria

0
Perdillegiko eremua pixkanaka-pixkanaka husten hasiko da, etorkizuneko gizarte beharrei erantzungo dion eraikin berriari lekua uzteko. Eta Udala, hasi da gaur egun eremu horretan egoitza duten eragileen kokapen berria adosten eta zehazten. Lehen leku aldaketak abian jartzeko lanak ere hasi dira Telefonikako eraikinean. 

Atzegiko aisialdirako Txolarte taldeak eta Udal Euskaltegiaren egoitza berriak Telefonikako eraikin eraberrituan izango dira. Bi eragile horiek beren beharrei erantzungo dien egoitza izan dezaten Telefonikako eraikin zaharra berrituko da. Obrak hasi berri dira eta 18 hilabeteko epean eraikina eraberrituta izango da. 1.315. 523€ko inbertsioa egingo du udalak horretarako, eta Iparragirre Eraikuntza enpresak egingo ditu eraberritze lanak, lehiaketa publikoa irabazi ostean. Udal Euskaltegiaren eta Txolarteko egoitza berriak diseinatzeko garaian, Txolarteko zein euskaltegiko arduradun eta langileekin landu du proiektua udalak. Hala bakoitzaren beharrei erantzungo dion espazioak egokitzea da helburua.

Leire Goenaga Gizarte Zerbitzu eta Ogasuneko batzordeburuak eskerrak eman dizkie egoitza aldaketaren prozesuan elkarlanerako azaldutako jarrera eta gogoagatik: «Perdillegiko gunea, pixkana husten hasi behar dugu gizarte beharrei erantzuteko abian dugun proiektu estrategikoa gauzatzen ikusteko. Beraz, han Azpeitia hobeago bat izateko lanean aritzen diren eragileei beste leku bat bilatzen hasiak gara. Aldaketak onerako izatea nahi dugu eta Telefonikako eraina eraberrituta hemen euskaltegi eta Txolarteko aisialdi taldearentzako lekua eokituko dugu». 

Naroa Uria eta Eli Agiriano Txolarte taldeko kideak «gustura» azaldu dira egoitza aldaketaren proiektuarekin: «Urte asko daramatzagu Perdillegin elkartzen, baina egia da, gurea bezalako talde batentzat oso garrantzitsua dela irisgarritasuna, eta egoitza berria askoz egokiagoa izango da alde horretatik», adierazi dute. Alde Zaharrean bertan kokatuta egotea ere garrantzitsua dela azpimarratu dute: «Herrian bertan gaude, ez daukagu mugitu beharrik eta egoitza berriak ekintza berriak egiteko aukera ere eskainiko digu. Azkenean, udalarekin elkarlanean, gure erabileraren araberako diseinua egin dugu». Egoitza berria, taldea indartzeko tresna izatea ere nahiko lukete: «Leku aldatzeko gogoz gaude dagoeneko. Eta aldaketa, gure taldea bisibilizatu, ezagutarazi eta indartzeko aukera izatea nahi dugu». 

Egoitzen xehetasunak

Atzegiko Txolarte aisialdiko taldearen etorkizuneko egoitza, eraikinaren beheko solairuan kokatuko da, Perez Arregi plazako eta Erdikale kalerako fronte osoa hartuko du eta 120 metro koadro ingurukoa izango ditu. Perez Arregi plazako sarrera nagusitik izango du sarbidea. Sartu eta alde batean (hego-ekialdean), sukalde-jangela izango du eta gainontzeko espazioetatik banantzeko aukera eskainiko du, horrela nahi duten kasuetan. Erdikaleko frontean, egongela kokatu da; proiekzioetarako gunea eta egoteko gunea izatea aurreikusten da bertan. Egongelaren espazio hori ere gainontzeko espazioetatik banantzeko modua egingo da. Egoitzaren erdialdean, ate inguruan, mahaigunea kokatu da, erabiltzaileen joku eta elkarbizitzarako eta gurasoen bileretarako aproposa izango dena. Gune nagusi horietako espaziorik ahalik eta garbien eta jarraiena bilatuko da, banaketa elementu finkorik gabe eta garaiera erabilgarri ahalik eta handiena mantenduz.

Udal Euskaltegia eraikinaren lehen solairuan eta teilatu azpian kokatuko da. Horretarako, eraikinaren altuerak berrantolatu eta irisgarritasun arauetara egokituko da eraberritzean. Sarrera Enparan kaletik izango du eta sarreran izango dira eskailerak eta igogailua. Lehen solairuan, irakaskuntza-espaziorako egokituko da eta tamaina desberdinetako bost ikasgela, bi tutoretza gela, komunak eta biltegia izango dira bertan. Goiko solairuan, berriz, harrera, 10-12 lanpostuetarako bulego irekia, bi banakako bulego, komunak eta langileentzako sukalde-jangela izango dira. Enparan kaleko dorrean (hego-ekialdeko dorrean) erabilera anitzeko gela kokatu da eta Erdikaleko dorrean (ipar-mendebaldeko dorrean) berriz, administrazio-espazioei lotutako bilera-gela kokatu da.

 Udal Euskaltegiaren eta Txolarteko egoitzaz gain, komun pubikoak ere egingo dira eraikineko beheko solairuan.