Donostiak ez du San Tomas feria antolatuko

0
binary comment

Donostiako Udalak, Donostia Kulturak eta Donostiako Festakek abenduaren 21eko San Tomas feria ez antolatzeko erabakia hartu dute, hiriko eta lurraldeko osasun-egoeraren bilakaera txarra dela eta, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren gomendioei kasu eginez.

Lurralde historikoaren beste jai batzuekin gertatu den bezala, kutsatze kopuruaren gorakada Donostian eta Gipuzkoako herri askotan, eta ospitaleen eta gainerako osasun zerbitzuen egoera tentsionatuak ezinezkoa egiten dute lurralde osoko milaka pertsona hirira erakartzen duen jai bat ospatzea.

LABIari aholku ematen dion batzorde teknikoak jakinarazpen bat bidali dio Udalari, eta horretan datu epidemiologikoak eta neguko azoka tradizionala antolatzea egokia eta komenigarria ez delaren arrazoiak jasotzen dira, gune desberdinetan eta ostalaritza-establezimenduetan pertsonak pilatzen direlako.

Horregatik, osasun agintarien iritzia jaso ondoren, Udalak erabaki du, zuhurtziaren irizpidea jarraituz, San Tomas feria ez antolatzea.

Eneko Goia Donostiako alkateak “bihotzez” sentitu du erabaki hori hartu behar izana, baina “zentzuak eta zuhurtziak gomendatzen dute donostiarrok eta bisitatzen gaituztenek hainbeste maite dugun ospakizun hau atzeratzea”.

San Tomas gure egutegian oso data seinalatua da, eta festa bertan behera uzteko erabakia hartzea gogorra egiten da. Baina egoera honetan beharrezkoa eta egokia da«, adierazi du.

Erabaki honek ez ditu datozen jai hitzorduak baldintzatzen. Hauei buruzko erabakiak egunak gerturazten direnean hartzen joango dira, osasun egoeraren eta ekitaldi bakoitzaren berezitasunen arabera.