Euskal liburu eta diska azoka iganderarte Hondarribin

0

Gaurtik hasi eta datorren iganderarte, Hondarribiko 27. Euskal Liburu eta Diska Azoka zabalik egongo da Arrantzale Auzoan. Hondarribiko Udalak antolatuta, Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak laguntzen du ekimena.

Aurkezpen ekitaldia Udaletxean bertan egin da gaur goizean, Txomin Sagarzazu Hondarribiko Alkatea, Asier Muniategi, Batzordeko azoken kanpainaren koordinatzailea, eta Joxean Sagastizabal idazlea izan dira, ‘Hondarribia’ saria jaso duena.

“Oso garai arraroak izaten ari dira denontzat. Ikusi dugu Durangoko azoka nola joan den aurten, jendeak aurrez izena eman behar eta on line bidezko erosketekin, zorionez emaitza onak eman dituena. Gurean ere, erakunde publiko garen aldetik, argi dugu kulturaren alde lan egin behar dugula, eta kultur agenda zabal bat antolatzearekin batera, oraingoan euskal liburu eta diskak sustatzea dugu helburu.

Gaurko ekitaldian Joxean Sagastizabal idazlea saritu nahi izan dugu urte guzti hauetan daraman ibilbideagatik. Besteak beste, ‘Kutsidazu bidea Ixabel’ liburua berak idatzi zuen” esan du Txomin Sagarzazuk. “Hori dela eta, Erreginaren Baluarte bat oparitu diogu”.

Asier Muniategik eman ditu azokaren xehetasun gehiago. “Durangon ikus ahal izan diren eskaintza nagusienekin, azoka egunero irekiko da 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etik 20:30era, eta aukera haundia aurki daiteke euskal literatura eta diskagintzan. Erosketa guztiak %10eko beherapenarekin egingo dira”.

Azokan aurki daitezken autore batzuk hauek dira: Karmele Jaio, Jon Gerediaga, Iban Zaldua, Katixa Agirre, Bernardo Atxaga, Aingeru Epaltza, Fermin Etxegoien, Joanmari Irigoien, Juan Luis Landa, Jon Arretxe, Toti Martinez de Lezea… Diskei dagokienez, hor egongo dira Huntza, Zea Mays, Berri Txarrak, Ken Zazpi, Gatibu, Mikel Urdangarin, Ruper Ordorika….”.