Eusko Jaurlaritzak Uholde Arriskuari Aurre Egiteko Plan Bereziaren larrialdi-fasearen “2” egoera aktibatu du eta Aholku Batzordea deitu du

0

Eusko Jaurlaritzak, ibai-arroen egoera eta iragarpen meteorologikoa kontuan hartuta, Uholde Arriskuari Aurre Egiteko Plan Bereziaren Larrialdi Fasearen “2” egoera aktibatu du eta, aldi berean, Aholku Batzordea, Krisi Mahaia izenez ere ezagutzen dena, deitu du 15:00etan, Trafikoa Koordinatzeko eta Larrialdiak Kudeatzeko Zentroan (Txurdinaga). Fase hori aktibatzen da larrialdiek, horien larritasuna dela eta, udal- eta foru-administrazioen erantzuteko ahalmena gainditzen dutenean eta Plan horren zuzendaritzak oinarrizko zerbitzu publikoak leheneratzearekin zerikusia duten neurriak ezarri ahal izango dituela inplikatzen duenean, kontuan hartuta oinarrizko zerbitzu publiko horiek gabe gelditzea berez dela larrialdi bat edo egoera horrek eragiketak oztopatu ditzakeela.

Alde horretatik, Larrialdietako Planaren zuzendariari dagokio, Euskadin aurreikusitako uholde-arriskuaren aurrean, plana zuzentzea eta koordinatzea, bai bere ekimenez bai udal- edo foru- agintariek eskatuta.

Aholku Batzordearen buruan Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua egongo da, eta bertan parte hartuko dute, beste erakunde batzuekin batera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek, Gobernuaren Ordezkariordetzak, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak, Gurutze Gorriak eta DYAk. Batzordean aztertuko dituzte Euskadiko ibai-arroetan gertatzen ari diren egoerak, beharrezko diren neurriak hartu ahal izateko.