Jorge Cabanellas ertzainak Historia de los Miñones de Álava liburua aurkeztu du

0

Gaur arratsaldean, Jorge Cabanellas Ertzaintzaren agenteak, polizia-kidegoan egindako lan eta ikerketengatik ezaguna, Historia de los Miñones de Álava liburua aurkeztu du Vitoria-Gasteizen.

Liburuan Miñoien kidegoaren bidez bizitako Arabako eta Euskadiko historiaren hiru mende kontatzen dira, eta, egilearen hitzetan, “kidegoa sortu zenetik gaur arteko historiaren une bakoitzeko bizitza, abenturak eta ibilerak azaltzen dira, jarduketarik harrigarrienak kontatuz, eta asmoa izan da oso instituzionaltzat jo ez den, genero historiko abenturazkoa dela esan daitekeen liburu bat idaztea”.  Liburua idatzi ahal izateko, Jorge Cabanellasek ikerketa-lan handia egin du, bai eta lekukotza zuzena lortu ahal izateko elkarrizketatu dituen arabarrak aurkitzeko lana ere. Irmotasun horri esker, gaur egun mundu osoan bizi diren ondorengoak aurkitzea lortu du, eta elkarrizketatu dituen pertsona batzuengandik XIX. mendeko argitaratu gabeko irudi eta agiri ezezagunak ere lortu ditu.

Jorge Cabanellas Ertzaintzako agenteak bereizgarri zuriko domina jaso zuen Euskadiko polizia-kidegoen jatorriari eta garapenari buruzko ikerketa-lan historikoengatik. Bere lan guztiak bereizten dira balio historiko handia izateagatik, zehaztasunagatik eta, ikerketaren berezitasuna dela-eta, Ertzaintzari egiten dioten ekarpenagatik. Gaur arratsaldean aurkeztu den liburua Ertzaintzaren erreferentzia diren beste ikerketa eta liburu batzuei batuko zaie: Miñones de Vizcaya.  Policías forales del Señorío” edo “Los últimos miqueletes de Guipúzcoa”.