Xanty Elíasek Basque Culinary World Prize 2021 saria jasotzen du

0

Gaur arratsaldean (19:00), Donostiako Tabakalerako Prisman, emango zaio Basque Culinary World Prize 2021 saria Xanty Elías chef espainiarrari, zeinak gastronomiaren bitartez haurrei elikadura-heziketa ematearen garrantzia azpimarratzen duen.

Basque Culinary World Prize sari bakar eta orokorra da, Eusko Jaurlaritzak –Euskadi Basque Country estrategiaren esparruan– eta Basque Culinary Center erakundeak –gastronomiako erakunde akademikoetan liderra– emana. Sariaren bidez, besteak beste, berrikuntza, teknologia, hezkuntza, ingurumen, osasun, elikagai-industria eta garapen sozial eta ekonomikoaren arloko ekimen eraldatzaileak dituzten chefen lana aitortzen da.

Euskadiko agintarien eta elikaduraren sektorean gailendu diren pertsonen aurrean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak emango dio 100.000 euroko saria Xanty Elíasi.

«Los Niños se Comen el Futuro» proiektuaren bitartez, Espainiako Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan «Gastronomia-kultura solidarioa» izeneko zeharkako ikasgai bat, elikadura jasangarriaren arlokoa, sartzearen alde lan egiten du 2018tik, sukaldaritzaren eta kontsumo kontzientearen kultura erakustea oso garrantzitsua dela uste baitu. Programa berritzaile horrek –maila nazionalean eta nazioartean saritua izan da–, horrela, kontsumitzaile kontzienteen belaunaldi berri bat bultzatzen du, gazteei on egiteko ez ezik, urteekin gizarte osoarengan eragina izateko asmoz.

«Ez dago heztea baino osasuntsuagoa den ezer» lelopean, Xantyren programa, gastronomia-kultura irakasteko proiektu aitzindaria, Andaluziako eta Madrilgo 80tik gora ikastetxeetan egon da martxan. Programa horretan, Lehen Hezkuntzako 10.500 ikasle inguruk parte hartu dute eta, 2022tik aurrera, kopuru hori bikoiztu egingo da.

Gainera, Prenauta fundazioaren presidentea izanik, jatetxeen sektorean turismoaren, berrikuntzaren eta ekintzailetzaren aldeko apustua egiten du, baina, batez ere, eskola-umeen elikadura-heziketa sustatzearen aldekoa, ziur baitago horrek osasunaren, kontsumo kontzientearen eta sukaldaritza-kulturaren arloetan baldintza hobeak eskaintzeko botere handia duela.

Basque Culinary World Prizeren bidez lortuko dituen 100.000 euroak «Los Niños se Comen el Futuro» ekimena planeta osoan zabaltzeko eta, horren bidez, ikasgai hori ikastetxeetan ezartzen eta eduki berriak sortzen laguntzeko erabiliko ditu. Irabazleak, Xanty Elíasek, honako hau adierazi du:

«Espainian sortutako proiektu batengatik saritutako lehenengo chefa izatea benetako amets bat betetzea da. Sariak ikusgaitasuna emango digu eta gure helburua indartuko du. Eta helburu horretan inbertituko dugu sari osoa, gastronomia-kultura solidario eta kontzientearen arloko prestakuntza ume gehiagorengana zabaltzen. Ezin zoriontsuagoak gara. Espero dugu gizarteak ulertzea gastronomia gutako bakoitzarengan txikitatik sortzen dela, eta horrek gizartean balio biderkatzailea eragiten duela».

Munduko eragin handieneko hainbat chef eta adituz osatutako epaimahai batek izendatu du irabazle Xanty Elías. Joan Roca (El Celler de Can Roca) chefa buru zela, itzal handiko beste aditu batzuk ere parte hartu dute, adibidez, honako hauek: Elena Arzak (Arzak jatetxea), Gastón Acurio (Acurio jatetxeak), Dan Barber (Blue Hill), Massimo Bottura (Osteria Francescana), Manu Buffara (Manu), Dominique Crenn (Atelier Crenn), Trine Hahnemann (Hahnemanns Køkken), Yoshihiro Narisawa (Narisawa) eta Enrique Olverak (Pujol).

Ekimen eraldatzailea

Basque Culinary World Prize saria 2016an jarri zen martxan gastronomia indar eraldatzailea izan daitekeela erakusteko. Sariak gizon eta emakume ekintzaileak, bikaintasuna bilatzen dutenak eta haien lana nabarmendu nahi ditu; jende berritzaile eta sortzailea, nekaezina, baina, batez ere, bizi den gizartearekin konprometitua dagoena.

Geroztik, sariketak 42 herrialdetako 900dik gora hautagaitza jaso ditu eta 600 chef inguru izendatu dira hautagai. Sariketan parte hartu ahal izateko, gaur egun gastronomiaren alorrean diharduen beste profesional batek izendatu behar zuen hautagai chef bakoitza.

Aurreko edizioetan bezala, 2021ean ere, hiru hilabetez, industriako hainbat profesional eta erakundek planeta osoko hainbat chef izendatu zituzten hautagai; gastronomiak arlo askotan aldaketak eragin ditzakeela frogatzen ari diren chefak, hain zuzen.

Uztailaren 15ean, Basque Culinary World Prizek, Basque Culinary World Prize 2021 saria Xanty Elíasek irabazi zuela iragartzeaz gain, bi aipamen berezi egin zituen. Hala, gaur egungo erronkei ikusgaitasuna emateko asmoa berretsi zuen, eta profil mota jakin bateko chefak identifikatzekoa: bikaintasuna bilatzen duten chef ekintzaileak, berritzaile, sortzaile eta nekaezinak, beren komunitatearekin konprometituak eta fenomeno inspiratzaile eta kutsatzailea den gastronomian eredugarriak.

Horregatik, Xanty Elíasena ez ezik, epaimahaiak beste bi chefen lana ere aitortu zuen, aipamen bereziak emanez, batetik, Kia Damoni (AEB), ekitatezko testuinguruen alde borrokatzeagatik, sektore honen alde egiten duten erreferentziazko pertsonak dibertsifikatzeagatik eta normalean baztertuta egoten diren taldeen talentua ikusarazteagatik, eta, bestetik, Ana Estrelari (BRASIL/ITALIA), sukaldaritzaren bitartez pertsonak gizarteratzeagatik.

Edizio bakoitzean, Basque Culinary World Prizek, irabazlearen eta aipamen berezien bidez, mezu bat helarazten du eta nazioarteko komunitateari sukaldariek arlo askotan balioa ekar dezakeela erakusten dio. Edizio honetan, elikadura-heziketaren arloa nabarmendu du, baita gizarteratze-arloa ere, immigrazioarekin eta talentua dibertsifikatzearekin lotuta.

Basque Culinary World Prize saria emateko ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izango da, 19:00etik aurrera, Basque Culinary World Prizeren Youtubeko kanalaren bitartez.

Editoreentzako oharrak

  • Xanty Elíasen argazkiak eta bideoak hemen eskuratu daitezke argitaratzeko: https://drive.google.com/drive/folders/1MDNIQY6jz7izPmv-g1Y9aWFlh8p4mHBY?usp=sharing 
  • 2020an, José Andrés chefak lortu zuen Basque Culinary World Prize saria, COVID-19ak sortutako krisiari World Central Kitchen-en bidez emandako erantzun sendo, orokor eta inspiratzaileagatik. 2019an, Anthony Myint-ek eskuratu zuen saria, gastronomia klima-aldaketari aurre egiteko motor gisa erabiltzeagatik. 2018an, Jock Zonfrillo chef eskoziarrari eman zitzaion saria. Zonfrillok Australiako jatorrizko herrien elikadura-memoria gordetzeko lan egiten du eta antzinako kultura hori deskubritu eta aldarrikatzeko eginkizunean sartu da. Leonor Espinosa chef kolonbiarrak 2017ko saria lortu zuen, Funleo fundazioarekin Kolonbiako antzinako herrien jakintza aldarrikatzeagatik. BCWP estreinako saria María Fernanda di Giacobbe chef venezuelarrari eman zitzaion, heziketan, ekintzailetzan, ikerketan eta garapenean oinarritutako ekimen batengatik. Ekimen horren ardatza kakaoa da, Venezuelako nortasun, kultura eta aberastasun ekonomiaren iturritzat hartuta.
  • Basque Culinary World Prize saria Basque Culinary Center erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak ematen dute, Euskadi Basque Country estrategia integralaren barruan. Estrategia hori herrialde-marka bat da; bere indargune eta berezitasunetatik abiatuz, herrialdea bikaintasunaren erreferente, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu eta lurralde berritzaile eta lehiakor gisa kokatzen duen marka bat.
  • Basque Culinary Center erakunde akademiko aitzindaria da mundu zabalean unibertsitate-hezkuntzaren alorrean, bai eta gastronomiaren potentziala hezkuntzan, ikerketan, berrikuntzan eta ekintzailetzan garatzeko bidean ere. Donostian 2009an sortu zenetik, diziplinarteko espazio bat sortzeko ahaleginean jardun du, guztia ere sektorea profesionalizatzeko bidean. 2021ean, Basque Culinary Centerrek 10 urte bete ditu. Sortu zenetik, Gastronomiaren 360º-ko ikuspegia landu du erakundeak, hainbat ekimen eta proiekturen bidez. Aurten, erakundearen balioetan (pasioa, bikaintasuna, berrikuntza eta gizarte-konpromisoa) oinarritutako lorpenak eta etorkizuneko erronkak goretsiko dira.