Barakaldok aire zabaleko kirolgune berriak jarri ditu kalistenia, tirolina eta kirol anitzeko pistarekin

0
PRUEBA

Barakaldoko Udala lanean ari da hirian aire zabaleko kirol zerbitzu berriak abian jartze aldera. Zehazki, kalistenia praktikatzeko guneak, kirol anitzeko pista berri bat eta tirolina bat dira, Ansio eta Zuazo¿Arteagabeitia inguruan daudenak. Ekimen honek 175.600 euroko inbertsioa ekarriko du, eta joan den maiatzean Udalak abian jarritako Partaidetza-Aurrekontuetan botorik gehien eskuratu dituenetako bat da, osasun-krisiaren ondorioak arintzeko helburuarekin. Horrela, 1.128 pertsonak bozkatu zuten herritarrek egindako proposamen horren alde, Gazteria sailaren barruan; izan ere, horrek aukera ezin hobea ematen du kirola modu seguruan egiteko, aire zabaleko esparruetan.

Proiektua heldu diren asteetan abiatuko da kontratazio publikora. Zehazki, kalistenia praktikatzeko gune bat sortzea proposatzen da, BECen atzeko sarreraren ondoan. 100 metro koadroko eremua da, eta kirol modalitate honetarako egokiak diren sei elementu izango ditu. «Barakaldoko lehen instalazioa izango da; hain zuzen ere, behin baino gehiagotan eskatu izan digute hori, eta horren frogagarri  ez da soilik herritarren Partaidetza-Aurrekontuen proposamenetako bat legez agertu izana, bozketa prozesuan gainera, babes handia erdietsi izana baizik», adierazi du Jonathan Martin Gazteria arloko zinegotziak.

25 METROKO LUZERA DUEN TIROLINA BERRIA.
Beste alde batetik, proiektuak bi jarduera berri aurreikusten ditu Zuazoren futbol zelaiaren ondoan dagoen Granados parkean. Kasu honetan, kirol anitzeko pista bat jarriko da, Errekaortu  eta Arrontegi auzoetan jarri berri diren pisten ereduari jarraikiz. Instalazio horren ondoan bi farola berri jarriko dira 8 metroko altueran, pista bera argiztatze aldera.

Azkenik, parkearen goiko aldean dagoen haurrentzako jolasgunea berrituko da. Jolas-elementu guztiak aldarazi eta berriak instalatuko dira. Horien artean, honako hauek instalatuko dira: saskidun zabu-jokoa, haurrentzako dorre aktiboko multzo bat eta altzairu galbanizatuzko tirolina bat, 25 metroko ibilbideko irristatze-luzerarekin. Eraldaketa horrekin batera, parkean dauden bankuak birkokatuko dira.

Proiektuak 175.548, 05 euroko oinarrizko aurrekontua du lizitaziorako, BEZa barne. Behin obra esleituta eta kontratua sinatuta, 3 hilabeteko epea izango da obra egiteko.