Jaurlaritzak balio publikoa sortzen duten lau proiektu berritzaile saritu ditu

0
PRUEBA

Nagusilan, Artehazia, Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Europa Sarea eta Emaús dira balio publikoa sortzen duten proiektu berritzaileak nabarmentzeko Eusko Jaurlaritzaren 2021eko Elkarlan Sariak irabazi dituzten lau elkarteak. Bakardade egoeran dauden adinekoei laguntzeko eta bazterkeria edo pobrezia arriskuan dauden pertsonen parte-hartzea sustatzeko proiektu bana ezezik, gazteak gizarteratzeko eta haurrei zuzendutako hezkuntza eta kultura prozesua garatzeko beste bi proiektu ere nabarmendu dira sarien aurtengo edizioan.

Elkarlan Sariek proiektuen izaera berritzailea, eredugarritasuna eta herritarren ahalduntzea baloratzen dute, baina parte-hartzea bultzatzen duten formulak beste eragile batzuei transferitzea ere nabarmentzen dute. Azken batean, ekimen honen bidez, Jaurlaritzak gai publikoetan herritarren parte-hartzeko eta lankidetza sustatzeko konpromisoari erantzun nahi dio.

Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletarako Zuzendaritzaren bitartez, zazpigarren urtez jarraian sustatutako ekimen honetan 45 proiektuk hartu dute parte, iaz baino hamabost gehiago. Lau proiektu irabazleetako bakoitzak 9.000 euroko saria jasoko du.

 

* Nagusilan, 25 urte

Nagusilan adinekoen gizarte boluntariotzako elkartea da eta 25 urteko ibilbidean adinekoek pertsona aktibo izaten jarraitzeko eta erretiroa hartu ondoren gizarteari ekarpenak egiten jarrai dezaten lan egin du, eragile publikoekin modu autogestionatu eta parte-hartzailean. Proiektu horretan, beren bizitza eta lan eskarmentu guztia erakutsi eta eskaini dezakete, pertsonen eta gizartearen egoera hobetzeko. Era horretara are baliagarriago eta baloratuago sentituko dira eta pertsona eta kolektibo gisa ahalduntzen dira. Nagusilanek bere diskurtsoa berritu du eta termino berriak sortu ditu bere lana ‘zahartze aktibo solidario’ gisa definitzeko. Izan ere, kudeaketa eta parte-hartze eredu gero eta zabalagoak txertatu ditu, erakundearen baitan boluntarioen partaidetza ahalbidetzeko.

Elkarteak dokumental bat sortu du, «Nagusilan, 25 urte» izenekoa, eta bertan adineko boluntarioek berek kontatzen dute erakunde horren lana, funtzioa eta bilakaera.

 

* Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen parte-hartzea Euskadiko gizarte politiketan

Euskadiko Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Europako Sarea elkartea lanean ari da ahulezia egoeran dauden pertsonek gero eta gehiago parte har dezaten bai sarean bertan, bai arreta ematen zaien erakunde eta zerbitzuetan ere.

Zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei hitza emateko eta pertsona horiek dagokionari helarazteko proposamenak egiteko helburuarekin, elkarte honek pertsonen parte-hartzea bizitzako esparru guztietan bultzatzeko dinamika bat mantentzearen alde egiten du. Azken batean, pertsonak bere komunitateko kide izan daitezen lan egiten du, dagozkien erabakietan parte har dezaten, haien ahotsa entzun dadin, haien iritzia kontuan har dadin.

 

 * Gazte-Hiria/Ciudad Joven

Artehazia, Berrikuntza Kulturala, Arteak eta Gizartea Elkartea, 14 eta 25 urte bitarteko pertsonekin ari da lanean, gazte horiek eragile ez ezik, gizarte aldaketarako motore ere izan daitezen. Horretarako, Gasteizko eremu guztiak hartzen dituzten 8 lantalde osatu ditu. Gizartean edo integrazioan nolabaiteko arazoak dituzten pertsonez gain, gazteen aisialdiko edo asoziazionismoko taldeetan parte hartzen duten pertsonak ere sartzen dira ekimen honetan. Guztira, gazteak gizarte eragile gisa gaitzeko Gazte-Hiria/Ciudad Joven proiektuak jatorri eta izaera oso desberdinetako 80 pertsona inguru biltzen ditu.

Horiek guztiek erronka komun batzuk lantzen dituzte, hala nola aniztasuna, osasun mentala gazteengan, kale indarkeria, estereotipoak sare sozialetan eta bulling-a, eta sexu aniztasuna. Ondoren, lan artistiko edo performance baten itxura ematen diote landutako guztiari, eta proiektuan parte hartu duten nerabe eta gazte guztiek parte hartuko dute zeregin horretan.

 

* Birsortu

Proiektu honen bidez Emaús Gizarte Fundazioak batez ere haurrei zuzendutako hezkuntza, kultura eta gizarte prozesu bat bultzatu du, industriaren sektorean baztertutako materialak haien eskura jarriz. Betiere, ikertzeko eta esperimentatzeko gogo naturala bultzatu eta sormena lantzeko helburuarekin. Jarduera horren bidez, gainera, ekonomia zirkularreko prozesu bat bultzatzen da, material horien bizitza errebalorizatu eta luzatzen baita.

Birsortu izeneko proiektu honek Gipuzkoako eraldaketa sozial eta ekonomikorako lurraldeko eragileak dinamizatzeko prozesuak aktibatu nahi ditu. Horretarako, 2019az geroztik hainbat Birsortu gune prestatu dira Gipuzkoan, bat pilotu gisa Debagoiena inguruan (Hik-Hasirekin lankidetzan), eta, ondoren, Emaús Social Faktoryk Donostian dituen instalazioetan gaur egun irekita dagoena. Orain arte, proiektuak 35 ikastetxe eta 25 enpresa inplikatu ditu, eta Birsortuko materiala Euskadiko 1.000 ikaslek baino gehiagok erabili dute.