Landa eremuko proiektu berritzaileak eta ekintzailetasuna bultzatu dira Urkome sarien bidez

0
Gaur eguerdian,  7.Urkome Sariak banatu dira, Azpeitiko Azoka Plazan. Aurtengoan 10 proiektuk hartu dute parte sariketan, eta 1.000€ko sei sari banatu dituzte eremu desberdinetan banatuta: zazpigarren saria, bertako produktuen saskia, herritarren online aukeratu dute. Epaimahaiak proiektuen «maila altua» balioan jarri izan nahi dute; eta 10 proiektuetatik 9 euskara hutsean aurkeztu izana ere azpimarratu nahi izan dute.

 

Nekazaritza jardueraren sustapena atalean
Irabazlea Maite Manzisidor izan da Iragana ahaztu gabe, aurrera jarrai proiektuarekin. «Gure ukuiluko lana erraztu eta innobaziora salto bat egiteko asmoz behiak biltzeko
robota jarri dugu. Berrikuntza teknologikoak lagun izanik bi helburu lortuko ditugu, batetik behien ongizatea abalatuz, gure dependentzia murriztea, eta bestetik euskal baserriaren bizitza bermatu hau aktualizatuz», adierazi du.

Landa eremuko jarduera ekonomikoaren sustapena
Enkarguk proiektua izan da atal honetako irabazlea: «Proiektu honek herritarren erosketak erraztu eta merkataritza txikiari eta azokaren kontsumoa indartzeko bide berriak sortzea du helburu nagusitzat. Funtzionamendua erraza da; bezeroak ekarguaren zerrenda bidaltzen du whatsapp zenbakira eta ondoren , etxean, saltokian bertan edota horretarako egokitutako kontsignan jaso ahalko ditu eskariak. Gaur egun 28 saltoki eta azokako 17 ekoizle ditugu proiektuan eta arlo honetatik kanpo dauden beste 80 saltokiri banaketa zerbitzua eskaintzen zaie», azaldu du Uxoa Etxeberriak.

Landa eremuetako azpiegitura eta zerbitzuak bermatu
Arroako Txara janari denda-k jaso du saria. «Txara, Arroa beheko plazan kokatzen den janari-denda da. Auzotarrek faltan botatzen genuen zerbitzua eskatzeaz gain, Txara denon topagune izateko, auzo biziberritzen laguntzeko eta inguruko produktuak sustatzeko asmoarekin sortu da. Arroan bizitzeko apustua egin dugun 2 emakumeri lanpostua eman digu, eta auzotarrei kalitatezko eta bertako elikagaiak auzoan bertan eskuratzeko aukera», azaldu dute.

Landa eremuko balio-aniztasuna agerian jarri
Sari hau eman gabe gelditu da aurten batzordekieek horrela erabakita

Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkarteak amankomunean ematen dutena
Joseba Iruretagoiena eta Josu Arrutiren Shitake onddoa, Basotik proiektuak jaso du saria: «Shitakeak erreprodukziorako behar dituen kondizio klimatikoei erreparatu ezkero, kantauri isurialdeak era naturalean urtean 9 – 10 hilabetez produzitzeko aukera ematen digula ikusi dugu. Basoan, inongo zantzu industrialik gabe, bizi garen inguru zoragarriak ematen diguna baliatuz. Gure asmoa da, Shitake onddoa produzitzeko behar den materia organikoa, baso garbiketetatik ateratako egurra aprobetxatzea, beste bizitza bat emanez. KM0 filosofiarekin bat eginez, Pagoeta Parke Naturalean egiten diren egur noblez ( haritz, ametz , pago, gaiztain, haltza) osaturiko baso publiko edo pribatu ezberdinen garbiketetatik lortzea da gure helburua».

Landa eremuko emakume ekintzailea

Aiora Urbietaren Amalda biobotanika proiektuak irabazi du sari hori. «Bertakoa eta ekologikoa den sendabelar eta landare aromatikoen kalitate goreneko ekoizpena izango da. Arlo honetan EAEn dagoen hutsune hori ase nahian sortu dugu AMALDA. Horretaz gain, gure ondare naturala eta jakintza kulturala babestuko ditugu, bisita gidatuak, nahiz ikastaroak eginez», zehaztu du.

Online botazioaren bidezko botazioarekin, Maite Manzisidorrek Iragana ahaztu gabe, aurrera jarrai proiektuagatik jaso du bertako produktuen saskia.

Aurkeztutako proiektuak

  1. EKOIZLEAK ERDIGUNEAN
  2. IRAGANA AHAZTU GABE , AURRERA JARRAI
  3. AMALDA BIOBOTANIKA PROIEKTUA
  4. TXARA JANARI DENDA
  5. LABESU ARTISAU OKINDEGIKO PROIEKTUA
  6. AMETSOLA USTIATEGIA
  7. ENKARGUK
  8. ITSAS KONTAINER GOURMET ONDDOAN EKOIZTEKO PROTOTIPOA
  9. IKASELIKU
  10. SHITAKE ONDDOA, BASOTIK