Osakidetza datorren astezkenean COVID-19aren kontrako txertoa ematen hasiko da 11 eta 9 urte bitarteko umeei

0

Osakidetza, aste honetan, abenduaren 15ean, 12 urtetik beherako haurrei hasiko zaie txertoa ematen. Txertaketa pixkanaka egingo da, adin nagusiena dutenekin hasi eta adin txikiena dutenetara; beraz, txertoak hartzen lehenak 11 eta 9 urte bitarteko umeak izango dira, eta, pixkanaka, dauden dosien arabera, adina jaisten joango da, harik eta 5 urteko umeetara iritsi arte. Osakidetzak gogorarazten du haurren txertoa segurua eta eraginkorra dela, eta dei egiten die familiei, seme-alabei txertoa eman diezaieten.

Hitzordua hartzeko aukera astearte arratsaldean, abenduaren 14ean,    gaituko da. Orain arte egin den bezala, hitzordua hartzeko lehentasunezko bidea Osakidetzaren web-orria izango da. Hala, libre utzi nahi dira telefono-lineak, osasun-arreta emateko. Baina, hitzordua plataforma horren bidez hartzeko arazorik izanez gero, osasun-zentrora deitu ahalko da; deitzean, 1 tekla sakatu ondoren, txertoa hartzeko eguna eta ordua esleituko dizkizue.

Hitzordua esleituta, txertaketa-puntua zehaztuko da; nagusiki, tarteko puntu bat izango da, baina, salbuespen kasuetan, txertoa osasun-zentroetan ere eman ahalko dira. Gainera, hitzorduaren baieztapenarekin batera, bigarren dosia hartzeko eguna ere emango da; zortzi aste geroago emango da txertoa.

Adingabeekin batera txertaketa-puntura heldu batek joan behar duela gogorarazten da.

Zer txerto emango zaie haurrei?

Osakidetzak espero du astelehenean lehenengo lotea jasotzea, 60.000 txerto, Pfizer markakoak, hori baita Europako Medikamentuen Agentziak oraingoz baimendu duen txerto pediatriko bakarra. Helduei ematen zaien prestakinaz bestelakoa da umeei emango zaiena; izan ere, dosia txikiagoa da.

 

Mota horretako txerto gehiago jaso ahala, Osakidetza txertaketarako adina jaisten joango da, harik eta 5 urteko umeetara iritsi arte (beteta izan beharko dituzte). Guztira, txertoa hartu behar duten 11 eta 5 urte bitarteko umeak 145.000 inguru direla kalkulatzen da. Oraingoz, ez zaie txertoa emango infekzio aktibo bat duten edo azken bi hiletan Covid-a izan duten adingabeei; alegia, ez zaie txertoa emango 5.600 pertsona ingururi.