Azpeitiko Udalak eta eragileek Santo Tomas Eguneko ekintzak bertan behera uztea erabaki dute

0

Azpeitiko Santo Tomas Egunaren baitan ekintzak antolatzen dituzten eragileek eta Udalak atzo egin zuten egun horren harira, azken bilera; eta bertan, abenduaren 21ean ospatu ohi duten Santo Tomas Eguna ez antolatzea erabaki zuten, adostasun zabalarekin.

Azken asteetan herrian Covid-19 birusaren kasuetan gorakada oso handia eman da, eta Santo Tomas egunean herritarren osasuna bermatzeko neurriak segurtasunez betetzeko aukerarik ez dela izango aurreikusi dute. Hala, sortzen diren jende pilaketa handiak ekiditeko eta osasuna lehenetsiz hartu dute erabakia.

Osasun Sailburuaren azaroaren 16ko aginduak zehazten dituen neurrien arabera udalerriak 100.000 biztanleko 150 kasutik gorako intzidentzia-egoera duten bitartean, jarduerak atzeratzea edo bertan behera uztea da gomendioa, baldin eta udal-agintariek aurreikusten badute ezin izango dela bermatu 2021eko urriaren 6ko aginduaren eranskinean jasotako prebentzio-neurriak betetzea.

“Covid-19ak eraginda herrian bizi dugun egoera ikusita eta Santo Tomas Egunean sortu ohi diren jende-pilaketa handiak aintzat hartuta erabakirik arduratsuena ekintzak bertan behera utzi edo egunez aldatzea dela erabaki dugu”, adierazi du Mikel Odriozola Festa Batzordeburuak. “Arduraz eta zuhurtziaz” jokatzeko ordua dela ere azpimarratu nahi izan du.

Festa egun horri lotuta antolatuak zeuden eta aforo mugatuarekin, eta prebentzio neurriak betez, egin daitezkeen hainbat ekintza beste egun batzuetan egingo dira. Hala nola, Ilunpe Pilota Elkarteak Patxi Azkargorta pilota memorialeko finala abenduaren 18an egingo du, Izarraitz pilotalekuan; eta, dantza suelto txapelketa abenduaren 19an izango da, Soreasun.