Trabakuako BI 633 errepidea moztuta egongo da denboraleak eragindako kalteak garbitu, ebaluatu eta konpontzen diren bitartean

0

Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako saileko teknikarien hasierako kalkuluen arabera, mozketa bi astez luzatu ahal izango da. Epe horretan, Durango eta Markina/Ondarroa arteko lotura autobidetik egin behar da Ermuaraino, eta handik Trabakuara lotu.

BI 633 errepidea moztuta egongo da hurrengo bi asteetan Mallabian (Trabakuako gaina), ostiral honetan izandako luiziak eragindako kalteak garbitu, ebaluatu eta konpontzen diren bitartean.

Errepidea moztuta dagoen bitartean, Durango eta Markina/Ondarroa arteko lotura autobidetik egin beharko da Ermuatik edo Ermuaraino.

Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako saileko teknikariek jakinarazi dutenez, luiziak 1.000 metro kubiko material baino gehiago eraman ditu, lubeta bat haustea eragin du, eta, ondorioz, errepidean arrakalak sortu dira.

Arrastatutako materiala erretiratzeko hainbat lanegun beharko dira. Talde teknikoek kalteen norainokoa eta konpontzeko behar diren baliabideak ebaluatzen jarraituko dute errepidea segurtasun-berme guztiekin berriro zerbitzuan jarri ahal izateko.