Euskalmeten arabera, ezohikoa izan da azken 21 egunotan Euskadin egindako euri-kopurua

0

Egoeraren analisi zehatzagoa egiten duen bitartean, Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak adierazi du azken 21 egunotan egindako euri-kopurua ezohikoa izan dela. Bata bestearen atzetik, ia tarterik utzi gabe, izan ditugun muturreko egoera meteorologikoek utzi dituzten prezipitazioek larregi gainditu dituzte mende honetako hileko errekorrak, bai azarokoak, bai abendukoak.

Horrela, azaroaren 21ean Iberiar Penintsulara iritsi zen DANAk (goi-geruzetan isolaturiko aire-masa hotzak) ekarri zituen prezipitazioen ondorioz 100 l/m² metatu ziren hilaren 25an Gipuzkoako hainbat lekutan eta 60 l/m²-tik gora Bizkaian. Hilaren 26tik aurrera, Atlantikoko antizikloi batek eta Britaniar Uharteetan kokatu zen eta Arwen izena eman zitzaion depresio sakon baten eraginda, iparraldetik iritsitako haize indartsu eta hotzak berriz ere 100 l/m²-tik gorako prezipitazioak metatu zituen 24 orduan estazio batzuetan, eta elur-prezipitazioak ere bai tarteko kotetan.

Abenduko lehenengo egunetan Atlantikoko depresioei lotutako fronteek, horien artean Barra izena eman zaion ziklogenesi leherkorrak, prezipitazio oso ugariak eta iraunkorrak utzi zituen, eta egun batzuetan baita euri-jasa handiak ere. Horrela, abenduaren 9an eta 10ean berriz ere 100 l/m²-tik gora pilatu ziren 24 orduan.

Euskalmeten arabera, egoera horietako bakoitza ohikoa da urte-sasoi honetan, baina ez da hain ohikoa bata bestearen atzetik gertatzea. Horrela, azaroaren 21etik metatutako prezipitazioak ezohikoak dira argi eta garbi, eta, esate baterako 847 l/m² bildu dira Eskaseko estazioan, 695 l/m² Añarben, 609 l/m² Sarrian (Zuia) eta 606 l/m² Cerrojan (Karrantza).

Isurialde kantauriarraren zati handi batean gainditu dira 400-500 l/m²-ak 21 egun hauetan, eta horrek esan nahi du larregi gainditu direla hilabetean metatutako prezipitazioaren aurreko errekorrak, bai azarokoak bai abendukoak.