Eusko Label duen behi haragi ekologikoa merkaturatzera bultzaten

0
PRUEBA

NEIKER zentro teknologikoa HAREKO lankidetza proiektuan ari da lanean, Euskadin tokiko behi aziendaren haragia ziurtagiri ekologikoarekin integratu ahal izateko

Ekimenaren barruan, hiru proiektu pilotu egin dira abeltzainekin, eta ekoitzitako haragiaren kalitatea supermerkatuetan balioztatu da

Ekimena gaur aurkeztu da, eta bertaratutakoek egindako lanaren emaitza dastatu ahal izan dute

Garapenerako Lankidetza eta Laguntza programak finantzatutako ekimenaren buru NatuAraba da, eta hiru abeltzainek, Goimar pentsu enpresak eta NEIKER eta Leartiker zentro teknologikoek parte hartzen dute eta Ekolurraren babesa du

Euskadiko ekoizpen ekologikoak garapen mugatua izan du orain arte Europako beste eskualde batzuekin alderatuta, baina pixkanaka eskaera handitu eta sendotzen ari da. Haragiari dagokionez, Euskadin kontsumitutakoaren %14 bertan ekoizten da, eta %64 inportatu egiten da. Datu horiek agerian uzten dute Euskadin behi haragia ekoizteko dagoen ahalmena, baita abeltzainekin lankidetzan lan egiteko beharra ere, jarduera hori sustatzeko.

Gaur egun, haragitarako behien ekoizpen ekologikoko bi eredu daude Euskadin. Alde batetik, txahalak gizentzen dituzten eta haragi ekologiko hori zuzenean saltzen duten ustiategiak daude, baina gehienek behiak ekologikoan hazten dituzte eta txahalak ohiko gizentze zirkuitura (ekologikoa ez dena) saltzen dituzte. Bestalde, Euskadiko supermerkatuetako linealetan beste leku batzuetako haragi ekologikoa aurki daiteke, eta horrek euskal kontsumitzaileak produktu mota horrekiko duen interesa adierazten du.

Testuinguru horretan bultzatu da HAREKO lankidetza proiektua, eta lehen sektorean espezializatutako eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den NEIKER zentro teknologikoak ere parte hartzen du. Ekimenaren helburu nagusia merkaturatze kanal alternatiboak bilatzea da, esaterako, linealak, Euskadin bertako haragi ekologikoz etengabe hornitzeko, abeltzainen arteko aliantzen bidez. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Ekoizpen Ekologikoaren Sustapenerako Planaren (FOPE) barruan dago ekintza, eta Euskadiko ekoizpen ekologikoa handitzeko euskal estrategiari erantzuten dio.

Proiektuaren emaitzak gaur goizean aurkeztu dira, Kanpezuko (Araba) Arrea jatetxean egindako ekitaldi batean, eta, besteak beste, ordezkari instituzionalak egon dira bertan, hala nola Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea.

Eusko Jaurlaritzan aukera argia ikusten dugu tokiko haragi ekologikoaren eta kalitatekoaren produkzioan, bai merkatuak bai sektoreak horrelako elikagaiak eskatzen baitituzte. HAREKO bezalako ekimenek Euskadin ekoizpen ekologikoa areagotzen eta haragiaren eskuragarritasuna jarraitua izaten laguntzen dute. Horretarako, funtsezkoa da elikadura kate osoaren lankidetza”, adierazi du Bittor Orozek bere hitzaldian.

Tokiko txahal ekologikoaren haragiaren ekoizpena eta salmenta

Ekimenaren barruan, NEIKERek HAREKOren proiektu pilotuen diseinuan eta monitorizazioan parte hartu du, Euskadiko hiru ganadutegitan. Ganadutegi horiek urtebetez gizendu dituzte beren animaliak. NEIKERi dagokionez, animalien pisuaren bilakaera, dietaren osaera eta gizentzean erabilitako bazken kalitatea monitorizatu ditu. Informazio horrekin, indize teknikoak kalkulatu ahal izan dira, hala nola animalien eguneroko irabazia, ekoizpen kostuak, etab., eta kanalen errendimendua baloratu ahal izan da, ondoren Leartiker proiektuko bazkideak haragi horren kalitatea aztertzeko.

Ildo horretan, Nerea Mandaluniz NEIKEReko Animalia Ekoizpeneko departamentuko ikertzaileak azaldu duenez, “animaliek hazkunde onak dituztela eta abeltzainek txahalak gizentzeko kalitate oneko bazkak erabiltzen dituztela ondorioztatu dugu”.

Ondorio horretara iristeko, zentro teknologikoak hiru proiektu pilotu monitorizatu ditu Euskadiko hiru ganadutegitan. Harakai-Urkaikok hil ditu animaliak, eta 7 hilabeteko merkaturatze pilotu bat garatu da. Gaur-gaurkoz, HAREKOren testuinguruan merkaturatutako haragi ekologikoa Eroski supermerkatuetako lau puntutan saltzen ari da.

Hasiera korapilatsu baten ondoren, kontsumitzailearen onarpena hobetzen joan da proba pilotuan zehar, eta proiekzio itxaropentsua ikusi da eta salmentak hazten joan dira proiektuan zehar. Eroskik bertako produktu ekologikoaren aldeko apustua egin du.

Euskadin bertako behi haragia kalitate ekologikoaren eta Eusko Label ziurtagiriekin ekoitzi eta saltzeko aukera dagoela egiaztatu eta gero, hurrengo pausoak izango dira joera hori sendotzeko lan egitea, eta, ondoren, abeltzainekin estrategia integral bat diseinatzea, kontsumitzaileentzako hornidura jarraitua eduki ahal izateko.

Garapenerako Lankidetza eta Laguntza programarekin finantzatuta, HAREKO ekimeneko partaideak dira baita ere NatuAraba, lider lanetan, Leartiker zentro teknologikoa, hiru abeltzain (Raul Rituerto, Hnos. Martinez-Crespo eta Zigor Urquijo) eta Goimar, eta Ekolurraren babesa du.