Urkullu lehendakaria: “Haur eta Nerabeen Eskubideen Euskal Lege berriak Adingabeen Eskubideei buruzko Konbentzioaren printzipioak bermatuko ditu”

0

Iñigo Urkullu lehendakariak Gernikako Batzar Etxean azpimarratu du Unicef Euskadi Komiteak zailtasunak dituzten adingabe eta nerabeei arreta emateko egiten duen lana, eta aurreratu du Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Euskal Lege berria, zeinaren tramitazioa Eusko Legebiltzarrean hasiko baita, Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Konbentzioaren printzipioak bermatuko dituela.

Lehendakariarekin batera, ekitaldian parte hartu dute Isidro Elezgarai Unicef Euskadi Batzordeko presidenteak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, María Iglesias UNICEFeko Gazteentzako Aholku Taldeko presidenteak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak eta EAEko hainbat erakundetako kideek.

Iñigo Urkulluk zoriondu egin du UNICEF, “75 urte hauetan egindako lanagatik eta etorkizun hobearen aldeko konpromisoari eusteagatik. Bigarren Mundu Gerra amaituta, Nazio Batuen Erakundeak UNICEF sortu zuen. Garai zailak ziren, gerraren ondorio izugarrienak bizi ziren, eta negu hura bereziki gogorra izan zen. Une lazgarria haur askorentzat. Nazio Batuek erantzuna prestatu eta abiarazi zuten”.

“Gaur egun beste egoera bat bizi dugu, arazo batzuk gainditu ditugu, baina berriei aurre egin behar diegu. UNICEFen helburua berbera da: haurren eskubideen eta ongizatearen alde lan egitea mundu osoan. Gaur egun pandemia-egoera bizi dugu. UNICEFek mundu osoko haurren osasuna babesten du, haiei arreta emanez eta txertoa jarriz osasuna eta ongizatea bermatzeko” azpimarratu du Lehendakariak.

 

Urkulluk adierazi duenez, “joan den martxoaren 24an Europako Batzordeak Haurren Europako Bermeaonartu zuen, haurren pobreziari eta horren ondorioei aurre egiteko neurria. Euskadin, pobreziako edo gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden 18 urtetik beherako biztanleak % 13 dira,   Estatuko (% 29) eta Europako (% 24) batez bestekoaren azpitik. Nolanahi ere, kezkatzen gaituen egoera bat da. Euskal erakundeek 2018ko urtarrilaren 18an sinatu genuen Familien eta Haurren aldeko Euskal Ituna, eta konpromisoa hartu genuen seme-alabak dituzten familia guztiei gutxieneko baliabideak bermatzeko eta haurren pobrezia prebenitzeko”.

Ituna

“Familien eta Haurren aldeko Itunak indar instituzionalak eta hirugarren sektore sozialekoak batzen ditu. Eredu horretan sinesten dugu eta, bide horretan, Unicef-en eredugarritasuna aitortzen dugu. Egoera hobea da Euskadin Europan baino, baina hori ez da nahikoa guretzat. Haur eta gazte guztiek gizarte zuzen batean bizitzeko dituzten aukerak bermatu behar ditugu, benetako desberdintasunik gabe”, nabarmendu du Lehendakariak.

Gernikako Batzar Etxeko Leiarpeko Aretoan egin duen hitzaldian Urkulluk azaldu duenez, “1989an Nazio Batuen Batzarrak Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa onartu zuen. Konbentzio hori lau printzipiotan oinarritzen da: diskriminaziorik eza, adingabearen interes gorenaren lehentasuna, biziraupenaren bermea eta haurren erabateko garapena eta parte-hartzea. Eta Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Euskal Lege berriak -lege horren testu artikulatua hurrengo egunetan hasiko da izapidetzen-  Nazio Batuen Konbentzioaren printzipio eta helburu horiek onartzen ditu”.

“Unicef-ek  lagundu egiten digu proiektu horiek egiten eta garatzen” esan du Iñigo Urkulluk. «Azken adibidea azaroaren 20an izan genuen, Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean, eta parte hartzeko gune hau partekatu genuen: «Z Belaunaldia», UNICEF Euskadiren ekimen aitzindaria. Zuen ibilbidea eta lidergoa euskal erakunde guztietara iritsi da, baita udaletara ere, eta gaur haurren lagun diren hirien sareko ordezkariek ere laguntzen digute. Gorestekoa da ibilbide horretan egin duten ekarpena, erakutsi duten borondatea eta jarri duten elkartasuna. Aitzindariak izan zarete, eta zuen ereduak kontzientzia asko piztu ditu gure artean”.

“Gure herriaren ordezkari guztien izenean, apalik, Gernikako haritzaren azpian, Unicefen lana, ekarpena eta konpromisoa eskertu eta aitortu nahi dugu. Zorionak Unicef eta egun ona izan!! esan du Lehendakariak amaitzeko.