Bizkaiko Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak diru-laguntza jaso du emakumeen ahalduntzea eta lidergoa sustatuko dituen azterlan bat egiteko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
PRUEBA

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien Elkarteari zuzeneko diru-laguntza ematea onartu du, zuzendaritza-postuetan dagoen emakumearen egoerari buruzko azterlan bat egin dezan, emakumeen ahalduntzea eta erantzukizuneko postuetan lidergoa sustatzeko.

Eusko Jaurlaritzak berretsi egin nahi du lan-ingurunean emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrarekin duen konpromisoa eta soldata-desberdintasunaren arazoari erantzun integrala ematearen aldeko apustua. Jaurlaritzak modu koordinatuan lan egiten du Euskadin soldata-arrakala murrizteko ekintza-plan operatibo baten inguruan; izan ere, uste izan da soldata-berdintasunerantz aurrera egiteak, justizia-kontu bat izateaz gain, onura dakarkiola gizarte osoari, hazkunde ekonomikoari laguntzen dion heinean. Ildo horretan, Jaurlaritzaren konpromisoaren helburua da Euskadi soldata-desberdintasunik txikiena duten Europako eskualdeen artean egotea 2030erako.

Soldata-arrakala sortzen laguntzen duten faktoreetako bat kristalezko sabaia izenekoa da, emakumeek enpresa-erakundeetan postu exekutiboak eta lidergo-postuak lortzea eragozten duena. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak garrantzitsutzat jotzen du emakumeak lanpostu horietatik aldentzen dituzten arrazoiak aztertzea, horren aldeko neurriak hartzeko.

Horregatik, Bizkaiko Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkarteari 17.908 euroko zuzeneko diru-laguntza ematea onartu da. Elkarte horrek lurralde horretako enpresa txiki, ertain eta handietan jarduten duten emakume enpresaburu, zuzendari eta profesionalen interesak ordezkatzen ditu, Impulsa proiektua abian jartzeko.

Ekimen honen helburua da lotura sendo eta eraginkorra egituratzea unibertsitateko emakume gazteen eta enpresa-proiektua hasten duten emakumeen eta elkarteko profesionalen artean. Proiektu horren bidez, sare handi bat sortu nahi da, eta sare horren xedea da emakumeen ahalduntzea bultzatzeko motor gisa jardutea, ekintzailetzarako eta erantzukizun-postuetan lidergoa lortzeko.

Uste da proiektuak indartu egin ditzakeela Eusko Jaurlaritzak gizarte kohesionatuagoa lortzeko egiten dituen ahaleginak, generoagatiko diskriminaziorik gabe.