- Bileran oniritzia eman zaie Uholde Arriskua Kudeatzeko Planari buruzko txostenei ere
- Bestalde, Gasteizko, Santurtziko, Elorrioko, Igorreko, Errenteriako eta Irungo Udal Larrialdietako Planen eguneraketak ere aztertu dituzte
Euskadiko Babes Zibileko Batzordeak osoko bilkura egin du Gasteizen, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea buru dela, eta oniritzia eman dio arrisku kimikoarekin zerikusia duten Euskadiko 8 enpresaren eta Santurtziko, Zierbenako eta Bilboko Portuko industria-eremuaren Kanpoko Larrialdi Planen eguneraketari, eta, hala zegokionean, berrikuspenari. Era berean, Gasteizko, Santurtziko, Elorrioko, Igorreko, Errenteriako eta Irungo Udal Larrialdietako Planen eguneraketei ere eman die oniritzia.
Enpresa kimikoen Kanpoko Larrialdi Planak aldian behin eguneratzen dituzte, eta kasu honetan DEKITRA SA eta GENERAL QUÍMICA SAU (Lantaron), MAXAM OUTDOORS SA (Galdakao), ACEROS INOXIDABLES OLARRA SA (Loiu), Santurtziko, Zierbenako eta Bilboko Portuko industria eremua; INEOS SULPHUR CHEMICAL SPAIN SLU; BAHIA DE BIZKAIA GAS SL; ESERGUI SA eta REPSOL BUTANO SA izan dira planak eguneratu dituztenak (azken 4 horiek Santurtzi-Zierbena eremukoak).
Bileran Batzordeak oniritzia eman die Uholde Arriskua Kudeatzeko Planari buruzko txostenei ere, agiriaren helburua izanik uholde-arriskuari aurre egiteko prebentzio-lanak planifikatzea.
Bestalde, Batzordearen oniritzia izan dute joan den azaroaren 24an elkartu zen Suteen Prebentzioko, Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuaren Erakundeen arteko Batzordeak eta azaroaren 10ean elkartu zen Euskadiko Babes Zibileko Boluntariotzaren Aholku Batzordeak ere.
Euskadiko Babes Zibileko Batzordea erakundeen arteko organo bat da, eta bertan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, Osasun Saila, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, Lehendakaritza, hiru foru-aldundiak, Eudel–Euskadiko Udalen Elkartea eta Estatuak EAEn dituen ordezkariordetzak daude.