Eusko Jaurlaritzak EAE-ko ekonomiaren hazkundea % 5,6era berrikusi du 2021ean eta % 6,7ra, 2022an, urte horretan langabezia-tasa % 9,2koa izango dela

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko Sailburuak, 2022ko EAEko Aurrekontuaren osoko zuzenketen eztabaidan, taula makroekonomikoaren berrikuspenaren berri eman du. Hartan, 2021ean EAEko ekonomiaren % 5,6ko hazkundea aurreikusten da – BPGd errealaren % 6,7koa zen– eta 2022an, % 6,7koa – % 6,4koa zen–. Eguneratze hori EUSTATen Hiruhileroko Kontu Ekonomikoak argitaratu eta Ekonomia Zuzendaritzak aldagai exogeno gisa erabiltzen dituen datuak bildu ondoren egin da. Nolanahi ere, aurreikuspen horiek ez dute aldatzen EAEko Aurrekontuaren diseinua; izan ere, BPGd nominalaren % 9,3rainoko igoera ere jasotzen dute, zeina lotuta baitago EAEko aurrekontuan jasotako diru-sarrerak justifikatzen dituen diru-bilketarako gaitasunarekin.

Enplegua dela eta, aurreikuspenen berrikuspenak ez dakar ia aldaketarik irailekoekin alderatuta. Egoera berriaren arabera, enplegua aurkituko dute 13.390 pertsonak 2021ean, eta ia 11.500ek, 2022an. Enpleguaren bilakaera positiboa langabezia-tasan islatuko da, zeina % 10,0koa izango baita aurten, urteko batez bestekoan, eta % 9,2ra jaitsiko baita, datorren urtean.

 Datu berrien arabera, Eustatek 2021eko hirugarren hiruhilekorako zenbatetsitako hazkundea aurreko egoeran aurreikusitakoa baino nabarmen txikixeagoa izan da, neurri batean, Espainiako ekonomiaren hazkunde-aurreikuspenen “ingurune-efektuagatik”, 2021rako % 6,2tik BPGd-aren % 5,2ra igaro dela kontuan hartuta. Moderazioaren beste zati bat ekoizpen-kateetan izan diren botila-lepoen ondorio da; izan ere, eskaintza ez da gai izaten ari eskariaren gorakada handiari garaiz erantzuteko. Hori bereziki nabarmena da automobilgintza bezalako sektoreetan, osagai faltagatik gelditzera behartuta baitaude. Ondasunen eskari handia dago, eta denbora kontua da eskaintza eskari handira egokitzea. “Beraz, ekoizpenaren atzerapen kontua da, ez ekoizpen-egituraren ahultasun kontu bat, edo, beste hitz batzuekin esanda, urte honetan geratzen den denboran sortu ezingo den BPGd-ren zati bat 2022ko hazkundera eramango da”, esan du Azpiazuk.

Egungo egoeran adierazi beharreko beste elementu garrantzitsu bat prezioen igoera da. Osagai eta lehengai batzuen faltak haien prezioa igo du, eta hori ekonomia osora hedatzen ari da. Garestitze hori KPIan eta BPGd-aren deflaktorean nabari da, bai eta beste adierazle batzuetan ere. Deflaktorearen kasuan, irailean 2021erako % 1,4ko igoera espero zen, zeina Europako beste erakunde batzuen kalkuluekin koherentea baita. Hala ere, gaur egun, ziurtzat jotzen da prezioak zifra horretatik gora igoko direla. Eusko Jaurlaritzak BPGd-aren deflaktorea % 2,4ra igo du 2022rako, eta horrek garrantzia du BPGd nominalaren kalkuluan, hau da, EAEn sortutako ondasun eta zerbitzuek eurotan duten balioaren kalkuluan. Iraileko aurreikuspenean, BPGd nominala % 7,9 hazi zen, baina, gaur egungoan, % 9,3ko igoera espero da. “Komeni da gogoratzea BPGd nominala dela 2022ko aurrekontuetako diru-sarrerak justifikatzen dituen diru-bilketarako gaitasunarekin zerikusia duena, eta ez hainbeste BPGd erreala”, zehaztu du Sailburuak.

Egoera berriak eskari bakoitzaren zeregina aldatzen du. Hala, hirugarren hiruhilekoko informazioak baieztatzen du kanpo-sektorea, dagoeneko aipatutako horniduren aldetiko zailtasunak gorabehera, aurreikusitakoa baino portaera dinamikoagoa izaten ari dela. Irailean aurreikusitako sei hamarreneko murrizketaren aurrean, esportazioen martxa onak kanpoko saldoa hamarren bat negatiboan soilik utzi du aurten, eta, aldi berean, hamarren bat hobetu da 2022ko saldo positiboa, zeina orain lau hamarrenera iritsi baita.

Ekoizpen-sektoreen ikuspegitik, egoera berriak denboran izandako mugimendu hori islatzen du, bai industriarako, bai eraikuntzarako. Zehazki, jaitsi egingo da aurtengo industriako balio erantsiaren hazkundea, % 9,7tik % 8,7ra, baina hurrengo urteko tasa % 5,6tik % 6,6ra igoko da. Eraikuntzaren kasuan, aurtengo emaitza % 4,2tik % 2,7ra apaldu da, eta 2022koa % 4,5etik % 5,2ra igo da. Zerbitzuen kasuan, ia puntu bat apaldu da haien jarduna aurten, eta ia aldaketarik gabe eutsiko dio datorren urtean, % 6,7rekin, ekonomia osorako espero den hazkundearen ildotik.

Euskadiko koadro makroekonomikoa, 2020-2022

  2020 2021 2022
BPGd -9,9 5,6 6,7
Amaierako kontsumoa -8,9 5,1 5,7
   Etxeko kontsumoa -12,4 5,6 6,6
   Administrazio publikoetako kontsumoa 3,8 3,4 2,8
KFEG -11,7 6,4 6,7
Barne-eskaria -9,6 5,4 5,9
Barne-eskariaren ekarpena -10,0 5,7 6,3
Kanpo-eskariaren ekarpena 0,1 -0,1 0,4
BPGd nominala -10,1 7,9 9,3
BPGd deflatorea -0,2 2,2 2,4
Enplegua (lanpostuak) -7,7 5,0 3,4
Pertsona okupatuak -2,2 1,5 1,2
Langabezia-tasa 10,6 10,0 9,2

Iturria: Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza. 2021eko abendua