Datorren urteko aurrekontua osatzeko herritarren partehartzea sustatuko du Hondarribiko Gobernu Taldeak

0

Hondarribiko Udal Gobernuak herritarren ahotsa entzun nahi du 2022ko aurrekontuak osatzeko. Horretarako, gure herrian burutu litezkeen 5 proiekturen ideiak jaso dira, eta horien artean bat hautatu beharko dute herritarrek. Hala eman dute aditzera prentsaurrekoan Txomin Sagarzazu Alkateak eta Maria Serrano Hiritarrekiko Harremanetarako zinegotziak.

“Udalean azken urteotan herritarren partehartzea sustatzeko abian jarri dugun beste ekimen bat da honakoa” esan du Txomin Sagarzazu Alkateak. “Udal Gobernu Taldean gizarte zibilarekin lanketa desberdinetan ari gara aspaldian. Gogoratu nahi nuke Udaletik iniziatiba ugari daudela martxan herritarren partehartzea sustatzeko, adibidez gaur arratsaldez Kosta kalea hobetzeko egingo den hirugarren bilera kolektiboa, eta Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean ematen ari garen urratsak. XXI. mendeko gobernantza ereduek orain abian jartzera goazen ekimenetatik oso hurbil dago, eta orain arteko lanketarekin jarraituko dugula ziurra da”.

“Aurrekontu partehartzaileen barnean dagoen ekimen honek berritasun bezala dauka hiritarren eskutan bost proiektu jarriko ditugula, eta horietatik bat hautatuko dela, eta bozketaren emaitza loteslea izango dela, boto gehien lortzen dituen proiektua Udala burutzera konprometitzen baita. Ezagutzera ematen ditugun proiektu hauek aztertu eta hiritarrei gonbitea luzatu nahi diet ekimenean parte hartzera, abenduaren 2an onartu genituen 2022ko aurrekontuetan kopuru bat gorde baita errealitate bihur dadin”.

Bost proiektu nagusi

Maria Serrano Hiritarrekiko Harremanetarako zinegotziak eman du informazio gehiago. “Herritarrek, elkarteek eta alderdi politikoek proposatutako zenbait proiektu hautatu ditugu, baita gure hausnarketaren barnean egoki ikusten ditugunak ere. Gure helburuetako bat sinesgarritasuna ematea da, hau da, hemen proposatzen duguna egin egingo dela, ez ditugu espektatiba faltsurik sortu nahi. Iniziatiba errealista bat da, eta aurrera atera daitezken proiektuak aurkezten dira, 2022an burutuko direnak”.

“Informazio osoa datorren astean jarriko dugu www.hondarribia.eus gunean, eta Gabonak pasa eta berehala irekiko da bozkatzeko epea. Hiritar bakoitzak, baldin eta Hondarribian erroldatuta badago eta gutxienez 16 urte baditu, aukeratu ahal izango du aurkezten diren bost proiektu hauen artean. Pertsona bakoitzak proiektu bat bozkatu ahal izango du, eta behin bakarrik” gehitu du Serrano zinegotziak.

“Aukeratu egin beharko den haur parke bat estaltzea, Amuteko auzoan dagoen pilotalekua estaltzea, San Markoseko parkean irisgarritasuna hobetzea, hirian zehar txakurren aisialdirako gune bat sortzea eta ‘Pump track’ bat deitzen dena, hau da asfalto, bizikleta, monopatin edo patinetearekin erabili daiteken lur edo egurrezko zirkuitu itxi bat eraikitzea hain zuzen”.

“Datorren urteko aurrekontuetan proiektu bat idazteko aurrekontu bat jarrita dugu. Herritarren artean hautatzen den proiektua gauzatzeko, 2022ko apirilean egingo den aurrekontuen lehen kreditu aldaketan beharrezkoa den diru kopurua gordeko dugu urtean zehar proiektua egi bihurtu dadin” amaitu du Serranok.