Euskadin COVID-19aren aurkako txertoa jartzen hasi zaie 11 urtetik beherako umeei

0

Osakidetza 11 urtetik beherako haurrei txertoa jartzen hasi da gaur; zehazki, 11 eta 9 urteko umeekin hasi da txertaketa. Egunean zehar kolektibo horri 2.475 txerto ematea aurreikusi da. Txertaketa pixkanaka egingo da, eskuragarri dauden dosien arabera, eta adinean behera eginez  5 urteko umeetara iritsi arte.

Osasun Sailak gogorarazi du hitzordua hartzeko aukera dagoela. Lehentasunezko bidea Osakidetzaren web orria izango da; hala, libre utzi nahi dira telefono-lineak, osasun-arreta emateko. Baina, hitzordua plataforma horren bidez hartzeko arazorik izanez gero, osasun-zentrora deitu ahalko da; deitzean, 1 tekla sakatu ondoren, txertoa hartzeko eguna eta ordua esleituko dizkizue. Orain arte, 22.000 hitzordu eskaini zaizkio kolektibo horri.

Osakidetzak azpimarratu du haurren txertoa segurua eta eraginkorra dela, eta dei egiten die familiei, seme-alabei txertoa eman diezaieten. Oraingoz, Euskadik Pfizer markako 60.000 txerto ditu kolektibo horrentzat, Europako Medikamentuen Agentziak oraingoz baimendu duen txerto pediatriko bakarra hori izanik.  Helduei ematen zaien prestakinaz bestelakoa da umeei emango zaiena; izan ere, dosia txikiagoa da.