Herritarrek Bizum eta NireOrdainketa Wallet aplikazio mugikorraren bidez egin ahal izango dituzte ordainketak Eusko Jaurlaritzarekin eta beste administrazio publiko batzuekin

0
  • Tasak, isunak, matrikulazioak eta bestelako ordainketa-agindu elektronikoak modu erraz eta seguruan ordaindu ahal izango dira, Kutxabank-ek egokitutako Bizum plataformaren bidez
  • NireOrdainketa Wallet telefono mugikorreko diru-zorro digital bat da, erabiltzaileari barra-kodea edo ordainagiriaren QR kodea irakurriz ordainketak egiteko aukera ematen diona

Tasak, isunak, ziurtagiriak, matrikulazioak edota euskal administrazio publikoari egin beharreko bestelako ordainketak Bizum eta NireOrdainketa Wallet aplikazio mugikorraren bidez egin daitezke jadanik. Eusko Jaurlaritzak bi ordainbide horiek garatu ditu euskal herritarrek modu seguru, erraz eta jasangarrian ordaindu ahal izateko Eusko Jaurlaritzak eta beste foru eta udal administrazio batzuekin dituzten ordainketak

Edozein pertsonak edozein lekutatik eta edozein unetan egin ahal izango ditu ordainketak, joan-etorririk egin gabe, inongo leihatilatan agertu gabe eta zerbitzua irekitzeko eta ixteko ordutegien mende egon gabe. Bi kasuetan, sistema eroso eta eraginkorra da, herritarrentzat oso erabilgarria, eta bere gailu mugikorrarekin egindako eragiketa soil batean administrazioarekin izapide bat ebazten du.

Bizum bidezko ordainketa prozesua beste finantza erakunde batzuen txartel bidezko ordainketa eragiketa baten oso antzekoa da: lehenik ordainagiria identifikatzen da ordainketa pasabidean, gero finantza erakundea aukeratzen da eta, azkenik, dirua kargatuko zaion erabiltzailearen telefonoa sartzen da, gako bat sartu aurretik.

Euskadi da sistemara atxikitako bere administrazio publikoetan edozein motatako ordainketetarako aukera hau ematen duen Estatuko autonomia erkidego aitzindarietakoa. Kutxabankek prestatu du plataforma, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan.

Bizum azken urteotan herritarren artean arrakasta izan duen ordainbide bat da, norbanakoen arteko transferentzietatik haratago hedatu dena. Pixkanaka-pixkanaka merkataritzaren eremuan ere zabaldu da, eta orain euskal administrazio publikoak ere sartzen hasi dira. Sisteman Euskadiko administrazio publiko nagusiak sartu dira, eta aurki espero da udalek ere ordainketak errazteko sistema hori baliatuko dutela. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak garatutako funtzionaltasun berri honekin, administrazioa Euskadiko herritarrengana hurbiltzeko bidean beste urrats bat ematen da, eguneroko izapideetan teknologia berriak txertatuz. Ekimenak Ekonomia eta Ogasun Sailaren laguntza izan du.

Bestalde, NireOrdainketa Wallet aplikazio bat da, herritarren ohiko ordainketak bideratzeko aukera ematen diena ordainketa pasabideari atxikitako euskal administrazio publikoei. Tresna honek ordainagiriaren barra-kodea edo QR kodea irakurriz ordaintzeko aukera ematen du. Telefono mugikorreko diru-zorro digital bat da, eta aukera ematen dio erabiltzaileari sistemari atxikitako euskal administrazio publiko batekin lotutako ohiko ordainketak eta noizbehinkako ordainketak modu seguruan egiteko.

Erabiltzaileak erregistratu eta kreditu-txartel edo zordunketa txartel baten lotura prozesu bat baino ez du egin beharko, baina aurrerantzean ez du txartela berriro pasatu beharrik izango. Erregistratuta geratzen da eta ez ditu bere datuak berriz sartu behar, token edo izengoiti bat sortuz, NireOrdainketa Wallet aplikazioan enkriptatuta geratzen dena. Erraza eta azkarra da, nahikoa da sakelakoan botoi bat sakatzea, eta, ondorioz, ordaintzeko bide ezin hobea da, bai web orrian bai mugikorrean ohiko ordainketak egiteko. 30 eurotik beherako ordainketetarako, klik bakar batera sinplifikatzen da ordainketa prozesua, eta ez da beharrezkoa autentifikazioa indartzen duten txartelaren zenbakiak sartzea. Aitzitik, 30 eurotik gorako ordainketetarako, entitatearen autentifikazio mekanismoak jarraitu behar dira.

Erabiltzaileak ordainketa egiten duenean tokena aurkezten du, baina ez du erakusten ez txartelaren zenbakia, ez iraungipena, ez CVV; beraz, datuak beti babestuta daude. Mugikorrean, ordaintzeko aukera ematen duen tokena gordetzen da, baina horri buruzko datuak jakitea eragozten du. Euskadiko zenbait udalerrik jadanik bat egin dute sistemarekin, eta zenbait udal tasa eta zerga ordaintzeko aukera eskaintzen dute, baita bestelako ordainagiriak ere.

Eusko Jaurlaritzak diseinatutako NireOrdainketa pasabidearen erabilera urtez urte handituz joan da 2000. urtean jaio zenetik. Gaur egun, edozein gailutatik, edozein ordutan eta edozein lekutatik eskura daiteke. Ordainketa pasabide horrek administrazio elektronikoari bultzada ematen dio, eta zerbitzu publikoa modernizatzearen aldeko apustua egiten du, herritarrei erantzun arin eta eraginkorra emateko, izapideak inolako leihatilara joan gabe ordain baititzake.

2021ean, azaroaren 15era arte, 718.700 ordainketa izapidetu dira pasabidean euskal administrazioentzat (iaz baino 100.000 gehiago), eta eragiketek ia 198 milioi euroko zenbatekoa izan dute guztira. 2020an kopuru hori 202 milioikoa izan zen eta aurreko urtean 133 milioi ingurukoa.

Ordainketa pasabideari atxikitako administrazio publikoen eta banketxeen kopuruak gorakada handia izan du azken urteotan. Gaur egun 190 erakunde publiko daude atxikita, eta 10 banketxe.