Donostiako 2022rako Kirol Txartelaren abonuak abenduaren 20tik aurrera hasiko dira tramitatzen

0

Abonu berriak abenduaren 20tik (astelehena) aurrera hasi ahal izango dira izapidetzen, bai online, www.donostiakirola.eus orriaren bidez, bai aurrez aurre, Donostia Kirolaren bulegoetan eta herritarrentzako arreta-zerbitzua duten udal-kiroldegietan.

2022an, Kirol Txartelaren modalitate guztiak mantenduko dira (senideak, familia ugariak, guraso bakarrekoak, gazteak, desgaituak, 65 plus), Kirol Txartela Osoa abonua izan ezik, 2021ean sortua eta oso onarpen txikia izan duena.

Aitzitik, 2021ean sortutako beste bi abonu motek, eguerdikoak eta hilabetekoak, oso erantzun ona izan dute, bereziki hilekoak, 7.000 abonu inguru izapidetu baitira. Erabiltzaileen eskaerei erantzunez, 2022an beste abonu bat sortuko da: 16 urtetik beherakoentzat hilekoa, egungo helduentzako hileko bonuaren ezaugarri berberekin.

 

2022rako zerbitzuak eta berrikuntzak

Paco Yoldi Udal Kiroldegian eraikitzen ari den gimnasio berria 2022ko urtarrilean amaituko da, 600 m2-ko azalera izango du eta azken belaunaldiko makina berriak izango ditu.

Gainera, urteko lehen hiruhilekoan Altzako Udal kiroldegi berria jarriko da martxan, igerilekuak eta 600 m2-ko gimnasioa izango dituena.

Kirol-espazio berri horiek 2021ean Loiolako Erriberan eta Zuhaiztiko Kiroldegian martxan jarri zirenei gehituko zaizkie. Horrenbestez, gimnasioetarako azaleraren gehikuntza 5.200m2raino handituko da, 2020an baino 1.500m2 gehiago, eta azalera horren ia erdia (2.500 m2) makina berriekin hornituta egongo dira.

Jarduera horiekin, Kirol Txartelak 17 kirol-instalaziotarako sarbidea emango du 2022an, eta igerilekuak (7 kiroldegi igerilekuekin) eta gimnasioak (5.200 m2 gimnasio hornituak) libreki erabiltzeko aukera emango du, oinarrizko entrenamendu pertsonalizatua, doako kirol-jarduerak, % 50eko deskontua Kirol Ekintzak Kanpainako ikastaroen prezioetan eta Kirol Ekintzak Aukeran zerbitzuan sartzeko aukera. Halaber, hondartzetako kabinak erabiltzen jarraitu ahal izango dute neguko denboraldian, eta zozketa esklusiboetan parte hartu ahal izango dute, webguneko harpidedunaren gunean.

Bestalde, 2022an ere sarrera-kuota ordaintzetik salbuetsita egongo dira Kirol Txartela izapidetu nahi duten Altza auzoko bizilagunak.

Azkenik, udal kirol-instalazioek ordutegi zabalari eutsiko diote 2022ean, eta, beraz, batez beste 14 eta 15 ordu bitartean egongo dira irekita egunean, eta igerilekua duten zazpi kiroldegiak urte osoan egongo dira irekita (urtarrilaren 1ean, urtarrilaren 20an eta abenduaren 25ean izan ezik, eta derrigorrezko urteko itxiera egunetan). Gainera, Egia eta Gascako kiroldegien ordutegiak luzatuko dira udako denboraldian, bi instalazio horiek ez baitira itxiko eguerdian, aurreko urteetan bezala.