Emakundek 20 bereizgarri berri banatu ditu berdintasunarekin konprometitutako enpresa eta erakundeen artean

0
  • Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak bereizgarriak banatu ditu BAI sarearen urteko batzarrean
  • Enpresa-sarea 2018an sortu zen, enpresa bakoitzaren berdintasun-planen eragina biderkatzeko helburuarekin

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak Berdintasunerako Lankidetza Erakunde bereizgarriak eman dizkiete gaur eguerdian hogei erakunde berriri. BAI Sareak, Emakundek bultzatutako berdintasunaren aldeko enpresen sareak, Bilboko Azkuna Zentroan egin duen “Bidea egiten” izenburuko urteko batzarrean egin dute. Hogei erakunde berriekin, dagoeneko 129 enpresa eta entitate ezberdinek dute bereizgarria. Horietako 63 BAI Sarearen parte dira. 2018an sortu zen sarea, Emakunderen bultzadarekin eta enpresetan berdintasunaren aldeko planek eta ekintzek duten eragina biderkatzeko helburuarekin.

Landaidaren esanetan, enpresan berdintasunezko antolamendu-kulturak onurak dakartza erakundearen estrategian, pertsonen kudeaketan, berrikuntzan, gizartean duen eraginean, besteak beste. Honekin batera, gogorarazi du oraindik ere erronka asko daudela lan-munduan, hala nola, “soldata-arrakala, kristalezko sabaiak, lana eta bizitza pertsonala uztartzea, edo laneko jazarpen sexualaren eta sexistaren prebentzioa”. Berdintasunean aurrera egiteko, ezinbestekoa da, bere ustez, “ekoizpena soilik aintzat hartzeari uztea eta pertsonak eta horien errealitate desberdinak kontuan hartzea”.

Honekin batera, nabarmendu du oso garrantzitsua dela beste enpresa eta erakunde batzuk erreferente bihurtzea, eta enpresak berak izatea, sarean eratuta, beren erakundeetan berdintasunaren aldeko tresnak eta sinergiak sortzen dituztenak. Landaidak enpresa-sarearen izaera estrategikoa azpimarratu du, eta, era berean, Emakundek enpresekin egiten duen lana gogorarazi du, berdintasun-planak egiteko aholkularitza-enpresak kontratatzeko diru-laguntzak emanez, enpresen arteko sareak sortuz eta prestakuntza eskainiz, besteak beste, materialak argitaratuz eta jardunaldiak antolatuz. Landaidak ibilbide honi buruz Maider Oleagak egindako “Bidea eginez” dokumentala aurkeztu du.

  1. Gaur bereizgarria jaso duten enpresak honako hauek izan dira:
    1. Fundación Basqueteam Fundazioa
    2. ASASAM – Asociación Ayalesa de Familiares y Personas con enfermedad mental
    3. Farapi Kooperatiba Elkartea
    4. PKF ATTEST ITC., S.L.
    5. Arazi IKT S.L.
    6. Indra Soluciones Tecnologías de la Información, S.L.
    7. Bilbomática S.A
    8. Linvestic S.L
    9. Asociación Alavesa de Familiares y Personas con Enfermedad Mental – ASAFES –
    10. APNABI Lan Autismo Bizkaia Empleo
    11. Sirimiri Servicios Socioculturales SL
    12. IKERTALDE Grupo Consultor S.A
    13. Centros para la Formación y Prevención Laboral SL
    14. Igualatorio Médico Quirugico Prevención, S.L.U
    15. Centro informático y Gestión Meatze S.L.
    16. Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea – UZEI
    17. Asociación de directores/as de Institutos Publicos de Secundaria – IKASLAN
    18. Centro de ayuda especializada S.L.
    19. Zurekin Bus SL
    20. Fundación Ardatz (IKA Gasteiz)