Gazteen Euskal Behatokia: Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazte gehienek (%63,7) ahalik eta gehien erraztuko lukete migratzaileen sarrera

0

Eusko Jaurlaritzako Justizia Berdintasunaren eta Gizarte Politiken Saileko Gazteen Euskal Behatokiak gaur argitaratu du bere webgunean inkesta baten emaitza. Inkestaren arabera, Euskadiko 15-29 urteko gazte gehienek ( % 63,7) ahalik eta gehien erraztuko lukete migratzaileen sarrera. Abenduaren 18an, larunbata, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguna da.

Eustat-ek (Euskal Estatistika Erakundea) argitaratzen duen Biztanleen Udal Estatistikako datuen arabera, 2020ko urtarrilaren 1ean Euskadin bizi ziren atzerriko nazionalitatea zuten pertsonak 184.916 ziren, hau da, Euskadin bizi zen biztanleriaren % 8,4k atzerritar jatorria zuen. Ehuneko hori zertxobait handiagoa zen Araban ( % 9,9) eta txikiagoa Bizkaian ( % 7,9); Gipuzkoan, berriz, batez bestekoaren antzekoa da ( % 8,5).

2020an bertan, Gazteen Euskal Behatokiak 15 eta 29 urte bitarteko Euskadiko 1.500 gazteri galdetu zien gure autonomia-erkidegoan bizi diren atzerritarren kopuruari buruz duten pertzepzioari buruz, bai eta, beren ustez, immigrazio-politika egokiena zein izan beharko litzatekeen ere.

Bi galdera horiek «Euskadiko Gazteak 2020/2021» txostenean jaso dira (gaur egun lantzen ari gara txosten hori). Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin egiten ditu Euskadiko Gazteak izeneko txostenak; baina 2020ko edizioan, Covid19aren pandemiak sortutako egoera zela eta, ez ziren galdera batzuk sartu eta horiek 2021ean egindako beste inkesta batean sartu ziren. Txostenak 2020ko eta 2021eko bi inkestetan jasotako datuak bilduko ditu.

Inkestatutako hamar gaztetik batek (% 9,1) uste du atzerritar gehiegi bizi direla Euskadin. Gehienen ustez, atzerritar asko daude, gehiegi izan gabe (% 65,6). Aitzitik, % 12,4k uste du gutxi direla, eta gainerako % 12,8k ez du horri buruzko iritzirik eman.

Bizkaia da atzerritar gehiegi edo, gehiegi izan gabe, dezente daudela uste duten gazte gehien dituen lurralde historikoa, eta hori bereziki deigarria da, atzerritar nazionalitatea duten pertsonen ehuneko txikiena duen lurraldea baita.

Bestalde, gazteei zein izan beharko litzatekeen immigrazioari begira politikarik egokiena galdetu zaie, eta, gai horri heltzeko, oso bestelako egoerak planteatu zaizkie gazteei: beste herrialde batzuetako pertsonen sarrera ahalik eta gehien erraztea, etorkinen sarrera debekatzea edo bitarteko aukera bat, lan-kontratua dutenei bakarrik sartzen uztea.

Euskadiko gazte gehienak etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztearen aldekoak dira (% 63,7). Beste % 28,2k lan-kontratua dutenei baino ez lieke sarrera erraztuko. Langile etorkinak sartzea debekatuko luketenen ehunekoa % 0,5era mugatzen da gazte guztien artean. Gainerako % 7,7ak ez daki edo nahiago du bere iritzia ez eman.

Emakume gazteak gizon gazteak baino gehiago dira etorkinen sarrera ahalik eta gehien erraztearen aldekoak. Jarrera horren aldekoak gehiago dira 25 urtetik beherako gazteen artean, 25-29 urtekoen artean baino. Bestetik, ez dago alde nabarmenik lurralde historikoaren arabera.