XEY-ren instalazio zaharren 47.400 metro koadro baino gehiago berroneratuko ditu, eta 22.000 metro koadroko beste zazpi partzela berrurbanizatuko ditu Oikia industrialdean.
Zumaiako Udalak onarpena eman dio industrialdea lehengoratzeko lanak ahalbidetuko dituen urbanizazio-proiektuari.
Biziberritze-proiektu hau Sprilur Eusko Jaurlaritzaren Azpiegituretarako Ezohiko Funtsekin egiten ari den jardueren barruan kokatzen da.
Sprilur-ek, Eusko Jaurlaritzaren lurzoru industrialeko sozietate publikoak, dagoeneko abiarazi ditu Zumaiako Oikia industrialdean 69.000 metro koadro lehengoratzeko eta birgaitzeko lanak. Proiektu honen helburua da espazio aproposak sortzea eta ingurune industriala egokitzea enpresa-proiektu berriak eta balizko inbertitzaileak ezar daitezen eskualde horretan.
2021ean, Sprilur-ek hainbat lursail erosi ditu Zumaiako Oikia ingurunean. Hartara, batetik, bereak dira Xey-ren instalazio zaharren 47.400 metro koadroak; lantegia eraitsi egin da espazioari erabilpen industrial berriak eman ahal izateko. Bestetik, Sprilur-ek erosia zuen lantegi horren inguruko beste partzela mugakide batzuen azalera bat (zehazki 22.000 metro koadro) berrurbanizatzeko. Azalera hori guztia lehengoratu eta balioan jarritakoan, asko indartuko da Gipuzkoako lurzoru industrialaren eskaintza.
Zumaiako Oikia industrialdearen lehengoratze-lanak bi fasetan egingo dira. Lehenik eta behin, Sprilur iragan azaroan hasi zen Xey-ren instalazio zaharrak -aspaldian erabiltzen ez zirenak- eraisten eta hondakinak erretiratzen, lurraren kalitateari dagokion ziurtagiria lortzeko. Hasierako 47.400 metro koadro horiek atondu ondoren, posible izango da jarduera gehiago garatzea edo enpresak bertan ezartzea. Aurreikusten da lehen fase hau 2022ko lehen hiruhilekoan amaituko dela, eta Sprilur-ek 240.000 euroko inbertsioa aktibatu du lanak garatzeko.
Garapen jasangarriko neurriei dagokienez, Sprilur-ek zorroztasun handiz kudeatu ditu aurri egoeran zeuden instalazio zaharrak eraitsi ondoren sortu diren hondakinak. Hala, eraisketaren ondoriozko materialak betegarritarako agregakin balorizatu bezala erabiliko dira hurrengo faseetan atonduko diren lursailetan.
Eraiste-fasearekin batera, Sprilur-ek datorren urtearen hasieran ekingo die XEY lantegi zaharraren aldameneko beste zazpi partzela (guztira 22.000 metro koadro inguru) lehengoratzeko lanei, Zumaiako Udalarekin Hirigintza Kudeaketako Hitzarmen bat onartu ondoren. Kasu honetan, proiektuaren helburua da espazioa berrurbanizatzea, eta hainbat lan egingo ditu horretarako: bi biribilguneen arteko errepidearen kota altxatzea, zazpi partzela industrialak agregakin balorizatuekin betetzea eta Urola ibaiaren ondoko partzeletan uholdeetatik babesteko neurriak hartzea. Horretarako, Sprilur-ek altxatu egingo du urez bete daitekeen azalera, babestuta egon dadin ibaiak gainezka egitean. Fase horretarako 705.000 euroko inbertsioa aurreikusi da.
Eusko Jaurlaritzak Azpiegituretarako Ezohiko Funtsak onartu ditu kaltetutako lurzoru industrialak berroneratzeko eta jarduera ekonomikoetarako balioan jartzeko, eta hain zuzen, Sprilur-ek funts horiek baliatuko ditu Zumaiako Oikia industrialdea birgaitzea helburu duen proiektua aurrera eramateko.
Zumaiako birgaitze-proiektua amaitutakoan, Gipuzkoako lurzoru industrialaren eskaintzak 69.000 metro koadro gehiago izango ditu inbertsiogile estrategikoak erakartzeko edo lurraldean espazio egokitu, berritu eta jasangarriak behar dituzten tokiko ekimenen zabalkundea errazteko.