Donostiako Anoeta errekaren saneamendu-obren I. fasea lizitatu du URAk

0
  • Anoetako saneamendua hobetzeko proiektuaren lehen fasean,  errekara isurtzen diren hondakin-urak bildu eta hondakin-uren araztegira bideratzeko lanei ekingo zaie 
  • Lizitazio-aurrekontua 4,4M €-koa da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Añarbeko Urak eta URAk ordainduko dute: herena erakundeko

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Donostiako Anoeta errekaren saneamendu-lanen I. fasearen lizitazioa hasi du, 4,4 M €-ko lizitazio-aurrekontuarekin, BEZa barne. Gaur egun eskatzen diren irizpideekin bat datorren saneamendu-sistemarik ez duen arroari erantzun nahi zaio, era guztietako uren isurketak biltzen baititu (hondakin-urak, hiri-euri-urak eta landa-euri-urak).

Jarduera hau Anoetako saneamendua hobetzeko proiektuaren barruan kokatzen da. Proiektu horren bidez, errekara isurtzen diren hondakin-urak bildu eta Loiolako HUAra bideratu nahi dira. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Añarbeko Urak erakundeak eta URAk ordainduko dute jarduera, herena erakundeko. Añarbeko Urak enpresak idatzi du proiektua, eta URA izango da obrak gauzatuko dituena.

Anoeta erreka A-8 saihesbideko Aieteko tunelaren inguruan hasten da. Urumearekin bat egiten du Hierro zubitik ibaian behera. Ibilbide osoan ubideratuta, hiru tarte bereizi dakizkioke: Aiete-Belodromoa, Anoeta eta Anoeta-Urumea. Landa eremuko jariatze-urak eta Puyo-Lanberri, Errondo, Miramon, Ospitaleak, Illunbe, Anoeta eta antzeko guneetatik datozen isurketak biltzen ditu. Gainera, jarduketaren xede den zatia estalita dago, eta Aieteko tunelaren eta belodromoaren artean — saihesbidearen azpitik — igarotzen da, kirol-eremu osoa zeharkatuz, Urumea ibaiarekin bat egiteko.

Arazo hori arintzeko, Donostiako Anoeta aldeko saneamendu-proiektuaren lehen fasea lizitatu da. Proiektu honek kolektore-sare bat barne hartzen du Anoetako errekastora isurtzen duten hondakin-urak hartzeko, Anoetako kirol-guneko puntu batean kontzentratzeko (Paco Yoldi igerilekuen ondoan) eta Loiolako HUAra bideratzeko.

Orain lizitatzen diren obrak bereziki nabarmenak dira Anoetako saneamendua konpontzeko egin beharreko jarduketa guztien barruan: Anoetako kirol-eremuko putzu batean hasiko den tinkatze bat (lurpeko galeria bat) egitean datza,  Loiolako HUAren instalazioetan dagoen beste putzu batean bukatzekoa dena (iritsiera-obraren eraikinaren aurreputzuan). Tinkatzea malda txiki batekin egin beharko da, koten arteko aldea dela-eta: Zorroagako muinoko substratu harritsuan zehar, hormigoi armatuzko eta 1600mm-ko diametroko galeria bisitagarri bat sortzeko, barruan 600mm-ko diametroko saneamendu-eroanbidea izango duena.

Putzuak beharrezkoak dira lanak egikaritu ahal izateko, zein behin obra amaituta, galeria eta saneamendu-kolektorea kontrolatzeko eta mantentzeko. Anoetako saneamenduaren ondorengo faseak gauzatu ondoren, Anoetako putzu hori hondakin urak biltzeko putzu gisa eratzea aurreikusten da, kolektoreek eta ondorengo faseetan egingo diren adarrek bat egin dezaten.