Ertzaintzak eta Udaltzaingoak, gabonetan eta merkealdietan, zaintza estuagoa ezarriko dute merkataritza- eta ostalaritza-guneetan, segurtasunezko prebentzioagatik

0
  • Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak zaintza-plan bateratua jarri dute abian hil honetan, ebasketak eta lapurretak murrizteko Gabon eta merkealdi sasoian merkataritza- eta ostalaritza-gune nagusietan, hala nola, Abandon, Zazpi Kaleetan, Indautxun eta Boluetan, batez ere.
  • Prestamen hau bihar abiatuko da, eta urtarrilaren 16ra arte iraungo du, eta, gainera, Covid-19aren hedatzea kontrolatzeko neurri sanitarioen behaketan ere eragingo du.

Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak prestamen berezi bat ezarri dute, eragin berezia izango duena uriko merkataritza- eta ostalaritza-gune nagusietan, eta xedea du herritarren segurtasunari dagozkion lanak egitea, trafikoa zaintzea, kalez kaleko salmenta legez kontrakoa zaintzea eta ondarearen kontrako delituak eragoztea, besteak beste.

Kontuan hartuta ezen ondarearen kontrako delituak Bilbon jazotzen diren delituen % 85 direla, eta, zehazki, ezen, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak erregistratzen dituzten delituen artean, ebasketak % 75 inguru direla, bi polizia kidego horiek lanean ari dira elkarrekin urte osoan, ahalik eta delitu gutxien egon dadin. Polizien arteko lan eta koordinazio hau areagotu egiten da urteko une jakin batzuetan, hala nola abuztuan, abenduan eta urtarrilean.

Izan ere, egiaztatuta dago bi garai hauetan gehitu ohi direla delitu mota horiek:  abuztuan, Aste Nagusia ospatzen den bitartean, diru-zorroak eta telefono mugikorrak jabeen ustekabean ebastea gehiagotan gertatzen delako, eta abenduan eta urtarrilean, Gabonetako kanpainagatik eta merkealdiagatik, ebasketa gehiago gertatzen baitira bai saltokietan, bai kalean.

Delitu mota horien egileek erosten ari den jendetzaren artean hartu ohi dute babes, edo garai horretan egiten diren ekitaldietan eta enpresa-bazkari eta –afarietan.

2020an bezala, 2021ean ere, egoera sanitarioak, orain arte, behartu gaitu zenbait ekitaldi jendetsu bertan behera uztera (Aste Nagusia, Santo Tomas); beste jarduera batzuk, ostera, egin egingo dira, eta, dudarik gabe, jendetza handiak bilduko dituzte (ostalaritzan, Gabonetako erosketetan, merkealdietan…).

Hori dela eta, poliza-prestamen elkarrekiko hau bihar hasi eta datorren urtarrilaren 16ra arte egongo da indarrean, eta beraren bitartez, zainketa bereziak egingo dira neurri sanitarioen inguruan, koronabirusaren hedatzea kontrolatzeko.

ELKARREKIKO PRESTAMENA

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren Gabonetarako eta Merkealdietarako Prebentzio Plana 2015ean jarri zen abian lehen aldiz, eta, harrezkeroztik, bi poliziek urtero-urtero berritu izan dute, eta oso emaitza onak izan ditu, bere azken xedea erdietsiz, alegia, Bilbon ebasketa eta lapurreta kasuak ez daitezela horrenbeste gehitu, edo, bederen, beren horretan eustea.

Plana abian jarrita eragotzi nahi diren delituzko egitateak hauek dira:

  • Arreta galtzen deneko lapurretak, hala nola indarrez tira eginez eta ukipen fisikoz egiten diren ebasketak, batzuetan indarkeria erabiliz egiten den lapurreta ere bihur daitezkeenak.
  • Kalean engainuz egiten diren ebasketak (elkartasun besarkadak).
  • Indarkeria erabiliz edo berbaz beldurra eraginez egiten diren lapurretak, arruntean taldeek eragiten dituztenak, eta baita ere armak edo gauza arriskutsuak erabiliz eta beldurra eraginez egiten diren lapurretak.
  • Ibilgailuen barruan agerian utzitako gauzak lapurtzea edo merkataritzako ibilgailuetatik salgaiak lapurtzea, banaketan ari direla.
  • Saltegietan bildutako dirua ebastea, enplegatuak une batez alde eginda daudela baliatuz.

Gainera, udaltzainek zaindu egingo dute, eta, hala balegokio, zehapenak ezarriko dituzte, indarrean dauden arau sanitarioak urratu ez daitezen, dela kalean, dela saltegietan eta ostalaritzan.

Alde horretatik, indarrean dirau jendearentzako irekita dauden espazio guztietako barruetan maskara erabiltzeko betebeharrak, eta, gainera, «COVID pasaportea» erakutsi beharko da zenbait establezimendutan.

Prestamena udalerriko merkataritza- eta ostalaritza-gune nagusietan ezarriko da (Abando, Indautxu, Zazpi Kaleak eta Bolueta, nagusiki), asteko egun guztietan, txandaka. Patruila uniformatuek eta kalez jantzitakoek parte hartuko dute, oinez eta ibilgailuetan.

Nolanahi ere, hala Udaltzaingoak nola Ertzaintzak dei egiten diete herritarrei konturik handienarekin ibil daitezen jendetza handia pilatzen den dendetan eta kaleetan. Gainera, gomendatzen dute arretaz zaintzeko nork bere gauzak, zorroa edo bizkar-zorroa ondo itxita eroateko, eta ez fidatzeko era susmagarrian hurreratzen zaizkigunez; guztia, lapurretak eta ebasketak saihestearren.

Susmoren bat izanez gero edo gorabeheraren bat ikusiz gero, aholkatzen da 112ra deitzea, Ertzaintzari deitzeko, edo 092ra, Bilboko Udaltzaingoari deitzeko.