Etxebizitza librea eskuratzeko kostuaren arabera, 2020´an 18 eta 34 urte bitarteko gazte batek bere hileko soldata garbiaren erdia baino gehiago hipotekaren edo alokairu-errentaren lehen hilekoa ordaintzeko erabili behar zuen

0

Etxebizitza librea jabetzan eskuratzeko kostua, edo 18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko batek merkatu librean etxebizitza bat erosteko hipotekaren lehen hilekoa ordaintzeko erabili beharko lukeen hileko soldata garbiaren ehunekoa, %58,7´koa izan zen 2020an.

 Alokairuko etxebizitza librea eskuratzeko kostua edo soldatapeko gazte batek alokairu-errenta ordaintzeko erabili beharko lukeen hileko soldata garbiaren ehunekoa %54,7 zen urte horretan bertan. Zifra horiek zorpetzeko gomendatutako gehieneko mugaren gainetik daude; muga hori soldataren %30ean finkatu ohi da.

 Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteen Euskal Behatokiak «gazteen emantzipazioaren kostua Euskadin 2020» txostena egin du. Txosten horretan 18 eta 34 urte bitarteko soldatapeko gazte bati teorikoki zenbat kostatzen zaion aztertzen da, bakarrik emantzipatuz, etxebizitza erosiz edo alokatuz.

 Horretarako, Behatokiak hamabi adierazleren arabera kalkulatzen du etxebizitza librea eta etxebizitza babestua eskuratzeko kostu teorikoa, jabetzan zein alokairuan. Kostu teorikoa da, salmentan edo alokairuan dauden etxebizitzen batez besteko prezioetatik, gazteen batez besteko soldatetatik eta hipoteka-maileguen baldintza estandarretatik – Erosketa aukeratuz gero – Abiatzen baita, kasu indibidualak alde batera utzita.

 Etxebizitza babestuak eskuratze-kostu onargarriagoak ditu soldatapeko gazteentzat. 2020an, etxebizitza babestu bat bakarrik erostean, hileko soldata garbiaren % 28,9 hipoteka ordaintzeko erabiltzen zen, eta etxebizitza babestu bat alokatzean, soldata garbiaren % 27,2 hileko alokairu-errenta ordaintzeko erabiltzen zen.

 Hala ere, kolektiboen araberako azterketak alde nabarmenak erakusten ditu: Gipuzkoako gazteek egin behar diete aurre kostu handienei merkatu librean sartzen badira, batez ere erosteko, lurralde horretan etxebizitza libreak garestiagoak direlako.

 Adinean aurrera egin ahala, soldatek ere gora egiten dute, eta, beraz, sarbide-kostua txikiagoa da, bai erosteko, bai alokatzeko. Merkatu libreak, halaber, etxebizitza ordaintzeko gainzorpetze-egoeran jartzen ditu 30-34 urteko pertsonak. Gizon eta emakume gazteen arteko soldata-desberdintasunek bakarrik emantzipatzeko zailtasun handiagoak dakarzkie emakumeei.