Eusko Jaurlaritzak eLankidetzaren bidez jarraitzen du elkartasunarekiko konpromisoari eusten

0

Eusko Jaurlaritza, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bitartez, 2021ean, 45 milioi euro baino gehiago zuzendu ditu proiektu solidarioak finantzatzera; pobretutako herrialdeetako biztanleen garapen iraunkorra ahalbidetzeko eta Euskadiko zein beste lurralde batzuetako instituzio eta erakundeen arteko aliantzak sortzeko. Genero berdintasuna, giza eskubideak, ekonomia soziala, bakegintza, txertaketa globala edo klima aldaketa dira lagundu dituen erronketako batzuk.

eLankidetza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren baitan dagoena, sei dirulaguntza ildo izan ditu: garapenerako lankidetza, laguntza teknologikoa eta gizarte eraldaketarako hezkuntza; ekintza humanitarioa; GGKEetan genero berdintasunaren aldeko antolamendu aldaketarako prozesuak; Ignacio Ellacuría saria eta zuzeneko dirulaguntzak.

Konkurrentzia proiektuak

Aurten 32 milioi euro eman dira garapenerako lankidetzako, laguntza teknologikoko eta gizarte eraldaketarako hezkuntzako 77 proiektu berri finantzatzera. Ekimen gehienak Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan, Saharaz Hegoaldeko Afrikan eta Euskadin gauzatuko dira, eta pobreziaren aurkako borrokan, tokiko garapen prozesuak indartzen eta euskal gizartea sentsibilizatzen lagunduko dute.

Ekintza humanitarioari dagokionez, eLankidetzak 10,4 milioi euro bideratu ditu proiektu eta estrategietara gatazketan edo indarkeria egoeretan dauden biztanle zaurgarrienei laguntzeko. Ildo horretan, agentziak GGKEak babestu ditu askotariko biztanleekin lan egiten dutenak: errefuxiatu palestinarrekin; Erdialdeko Amerikan lekualdatutako pertsonekin; Hego Sudanen talde armatuetatik askatutako haurrekin edo sexu indarkeriaren biktima diren kongoar emakumeekin, besteak beste.

eLankidetzak, erronka globalekin erantzunkide izateko apustuari jarraiki, 500.000 euro eman dizkio COVAX mekanismoari COVID-19aren aukako txertoak erosteko, diru-sarrera ertain-baxuko eta baxuko 92 herrialdetarako. Gainera, Nazio Batuen Larrialdi Kasuetarako Ekintzarako Funts Zentralari (CERF) 200.000 euroko laguntza eman dio Afganistan, Haiti edo Yemen bezalako krisi humanitarioei berehalako erantzuna emateko.

Bestalde, 218.000 euro baino gehiago zuzendu dira GGKEei laguntzeko genero desberdintasunak desagerrarazteko barne funtzionamenduko maila guztietan. Gainera, 2021eko Ignacio Ellacuría saria Madres de Abril erakundeak eta Artikulazio Feministak jaso zuten, Nikaraguan emakumeen eskubideen eta bakearen alde borrokatzen duten erakundeak.

Zuzeneko laguntzak

Zuzeneko dirulaguntzak 4,3 milioi eurokoak izan dira, eta eLankidetzako IV. Gida planaren estrategiei eta ikuspegiei erantzun diete. Hala, ekimen batzuk babestu dira berritzaileak izateagatik; pertsonen garapenerako teknologia erabiltzeagatik; bakea eta justizia bilatzen laguntzeagatik edo hainbat eragileen arteko aliantzak sustatzeagatik. Hona hemen adibide batzuk: eguzki energiari buruzko formazioaren bidea emakumeak ahalduntzeko proiektu bat Afrikako ekialdean; Senegalen klima aldaketako arriskuen aurrean erresilientzia eta gobernantza hobetzeko ekimena; Latinoamerikan eta Afrikan giza eskubideen defendatzaileak babesteko proiektuak; malnutrizioa hautematearekin eta gerra ekintzen eta gosetearen arteko lotura detektatzeko metodologiak, edo ezagutza trukatzeko programak, ahala nola Africa Basque Challenge edo Erdialdeko Amerika-Euskadi ur eta saneamendu alorreko lankidetzarako erakundearteko programa.