Ertzaintzaren gomendioak Eguberri jaietan etxebizitzetako lapurretak saihesteko

0

Eguberri eta Urte Berri jaiak gerturatzen ari direnez, Ertzaintzak oinarrizko jardunbide praktiko batzuk aholkatu nahi ditu egun horietan etxebizitzetan lapurreta egitea saihesteko eta era horretako delituei aurrea hartzeko herritarren laguntza sustatzeko.

Prebentzioa

1.- Ez fidatu auzokideen elkarteetara hurbiltzen diren eta, aitzakia xelebreak jarriz, etxebizitzei eta/edo bizilagunei buruzko informazioa lortzen saiatzen diren pertsonez.  Komeni izaten da Ertzaintzari jakinaraztea SOS-Deiak 112 telefonoaren bidez, eta edozein zalantza edo susmoren berri ematea.

2.- Plastikozko markatzaileak, itsasgarri-hariak, seinaleak edo bestelako elementuak aurkitzen badira etxeko sarrerako atean jarrita, Ertzaintzara edo Udaltzaingora deitu behar da, eta ez da ezer ukitu behar. Era horretako elementuak talde antolatuetako lapurrek erabiltzen dituzte etxeak hutsik dauden eta noiz dauden hutsik jakiteko. Kontuan izan behar da halako markatzaileak normalean begiratzen ez dugun lekuetan jarri ohi dituztela, gehienetan atearen beheko aldean.

3.- Etxeko sarrerako atea giltzaz itxi dela ziurtatu behar da beti, baita barruan gaudenean ere, eta, batez ere, gauez. Ateko giltzari beti eman buelta, etxetik kanpora minutu gutxi batzuetan egon behar baduzu ere. Atea kolpez itxita bakarrik badago, mekanismoari kalterik egin gabe zabal dezakete sarraila. Saiatu beti etxean norbait dagoela aditzera ematen, eta saihestu postontzietan gutunak edo propaganda pilatzea.

Etxetik kanpora denbora luzean egon behar baduzu, postontzia aldian behin husteko edo tarteka etxera joateko eskatu konfiantzazko norbaiti, eta, larrialdiren bat gertatzen bada ere, zu aurkitzeko datuak utzi.

4- Aprobetxatu teknologia. Ate eta leihoetan bideozaintzako kamerak eta/edo irekitze-sentsoreak instalatu. Korronte elektrikoaren tenporizadore bat erabil daiteke gailu elektrikoetara konektatuta (adibidez irratira edo telebistara) etxean norbait dagoela aditzera emateko.

5- Sare sozialetan ez argitaratu bidaia-planik, oporrik edo antzekorik, balizko kriminalei informazio baliotsua eman badiezaiekegu.

6- Komeni da segurtasun-sistemak instalatzea, hala nola, bumping edo taladro kontrako sarrailak edo ateak haustea eragozteko segurtasun-ezkutuak. Badira irudiak hartzen dituzten behatxuloak eta bideo-grabazio sistema duten atezain automatikoak ere.

7- Norberaren eta komunitateko segurtasun-sistemak mantendu eta zaindu, eta portaleko atea beti itxita izan. Etxean zaudenean beti erantzun atezain automatikoari. Lapurreta egin aurreko urratsa izan daiteke; izan ere, lapur askok ziurtatzen dute etxean norbait dagoen behin eta berriz txirrina joz, laguntzaileak atean dauden bitartean etxean mugimendurik dagoen entzuten.

8- Balioko elementuen (artelanak, bitxiak, etab.) inbentarioa ete erregistroa egin, ahal izanez gero argazkiak eta serie-zenbakiak gehituta. Balioko objektu guztiak kutxa gotor batean sartuta utzi.

 

Txaletetan eta beheko solairuetako etxeetan bizi direnek beste era bateko neurriak ere har ditzakete, era horretako lapurretei aurrea hartzeko, besteak beste, honako hauek:

9- Burdin-hesiak jarri kanpotik erraz iristeko moduko leihoetan. Barra batetik bestera ez utzi 12 cm-tik gorako tarterik.

10- Ez ahaztu balkoiak, teilatu-hegalak, hormetako irtenguneak, hodiak, eta abar, nahiko erraz eskalatu ditzaketela delitugileek. Arreta berezia jarri halako puntuetatik hurbil dauden leiho eta terrazetan.

11- Era guztietako egoeretan, baita iluntasun osoan ere, irudiak hartuko dituzten autobabeseko gailu elektronikoak edo neurriak instalatu etxean.

12- Erne ibili teilatuko atearekin eta garajekoarekin, etxea zuzenean aparkalekuarekin komunikatzen bada, eta garajeko ate automatizatuen kasuan, itxi arte itxaron.

13- Lapurreta egiten badizute, ez ukitu ezer, ez jarri gauzak bere lekuan, eta berehala deitu Ertzaintzara. Ertzaintzak edo Udaltzaingoak etxea miatu ondoren, jasandako kalteen eta lapurtutako objektuen zerrenda egin, eta, batez ere, adierazi gailu elektronikoen marka, modeloa eta serie-zenbakia eta bitxietako inskripzioak, salaketa jartzerakoan lapurtutzat jo ahal izateko.

14- Etxe barruan lapurrekin topo egiten baduzu, ez aurre egin eta, ahal izanez gero, susmagarriei argazkiak atera, geroko identifikazioa erraztu ahal izateko. Ahal izanez gero, ikusi nola eta norantz ihes egin duten.

Gero berehala deitu Ertzaintzara112 zenbakiaren bidez.

Herritarren laguntza

Ertzaintzak herritarrei eskatzen die 112ra deitzeko etxeetan edo etxebizitzetan bizilagunen mugimenduak kontrolatzen aritu daitezkeen ibilgailu edo pertsona susmagarriak ikusiz gero.

Garrantzizkoa izango litzateke, ahal den neurrian, herritarrek poliziari pertsona horien ezaugarri fisikoen berri ematea eta, ibilgailuren batean badabiltza, ibilgailuaren matrikula, marka eta modeloa gogoan hartzea eta lehenbailehen jakinaraztea 112ra deituta.

Herritarrek Ertzaintzaren APPa ere erabil dezakete informazioa bidaltzeko, telefono-dei, SMS, posta elektroniko edo whatsapp bidez polizia-erakundearekin harremanetan jartzeko aukera ematen baitu.

Garrantzitsua da herritarrek susmoren bat izanez gero beti deitzea, hobe baita gezurrezko alarma bat egiaztatzea lapurreta egin dutela ziurtatu behar izatea baino.