Gaur Nerbioi ibaia gurutzatzeko Altzarrateko zubi berria jarri du URAk Laudion

0
PRUEBA

Uraren Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzaren erakunde publikoak, Altzarrateko zubi berria jarri du gaur Laudion, Nerbioi ibaia zeharkatzeko. Zubi berriaren egitura bi garabirekin altxatu eta,  ibilgua gainetik zeharkatuta, aurreko zubia zegoen leku berean jarri da. Nerbioi ibaiaren zati horretan ahalmen hidraulikoa handitzea da helburua: hartara, Laudioko hiri-bilbearen segurtasuna areagotzeko, eta  Nerbioi ibaiaren ur-goraldi  errepikakor eta  naturalei aurre hobeto egiteko.

Gaur jarri den zubi berria Corten altzairuzkoa da; ez du ibilguan euskarririk; 25 metroko argia du eta taularen zabalera 18 metrokoa da. Oinezkoen, txirrindularien eta ibilgailu motordunen trafikoa hartzeko diseinatuta dago. Era berean, azpiegitura berriak aukera emango du zerbitzuak berritzeko eta erabilera berriak egokitzeko: hala nola, hondakinen bilketa pneumatikoa, zeinak ezkerreko ertzean dagoen azpiegitura eskuineko ibaiertzarekin lotuko baitu, zerbitzua abiaraziz.

Zubia uholde garrantzitsuen emarien jarioa errazteko diseinatuta dago (500 urteko errepikatze-denbora, T500): segurtasun handiagoa emateko pertsonei eta inguruko jarduerari.

Horri dagokionez, aipatu behar da taularen beheko aldea 119,95 m-ko kotan egongo dela, eta diseinatu den uraldiko ur-laminaren kota (T500) 119,30 m-koa izango dela. Helburua da emaririk handienak azpiegitura berritik igarotzean kargan sartzea saihestea, eta korronteak ekar ditzakeen bolumen handiko flotatzaileei joan-etorriak erraztea.

Izan ere, honako arazo honi erantzuten zaio: Altzarrateko aurreko zubia hormigoi armatuzko arkuzkoa zen eta sekzio eskasa zuen (20 metroko argia). Ur altuetan, zubiak ur-lamina igoarazten zuen ibaian gorako tarte jarraituan. Beraz, Laudioko Nerbioi ibaiaren ur-goraldien kudeaketan kontuan hartu beharreko punturik sentikorrenetako bat bihurtu zen.