Pedro Azpiazu: “Espero dezagun Energia Berriztagarrien, Hidrogenoaren eta Biltegiratzearen PERTEak eragin positiboa izatea Euskadin”

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua elkarrizketatu dute, gaur goizean, Onda Cero Euskadiren «Más de Uno Euskadi» programan. Bertan, Europako funtsei buruz galdetu diote, eta, zehazki, aurreko astean Sánchez presidenteak aurkeztutako Energia Berriztagarrien, Hidrogenoaren eta Biltegiratzearen PERTEri buruz, ets esan du espero duela PERTE honek eragin positiboa izatea Euskadin. Esparru horretan kokatzen da Hidrogenoaren Korridorearen proiektua. Azpiazuren iritziz, “proiektu handi bat izan daiteke, proiektu sendo bat, eta ahalik eta baliabide gehien lortzen baditu, oso ondo”.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak Europako funtsak eskuratzeko ibilbide-orri bat duela azaldu du Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak, baliabide horiek “gure ekonomia eraldatzeko eta maximizatzeko” erabil daitezen. Euskadik aurten jaso dituen funtsei dagokienez, Azpiazuk azpimarratu du banaketa modu “zurrun eta ez oso eraginkorrean” egin dela, eta autonomia-erkidegoek haren definizioan parte hartu ez duten irizpideetan oinarrituta.

Gainera, gogorarazi du Lehendakariak hiru proiektu estrategiko aurkeztuz erantzun ziola Nadia Calviño lehendakariordeak egindako eskaerari, baina oraindik ez dela erantzunik jaso. Sailburuak adierazi duenez, premiazkoa da jakitea zein inbertsiotan sartuko den.

Ekonomia eta Ogasun sailburuak Euskadiko egoera ekonomikoa ere izan du hizpide elkarrizketan. 2020a oso txarra izan bazen ere, 2021a susperraldiaren urtea izango dela nabarmendu du, eta 2022aren erdialdean pandemia aurreko egoerara itzuliko garela. «Ekonomiak hazkundearen bidea hartu du, eta zalantzak egon arren, baikorra izan nahi dut eta aurreikuspenak betetzen joatea espero dut», adierazi du. Azpiazuk adierazi duenez, gaur egun, daukagun informazioarekin, “gure datuak doituta daude, baina errealitate aldakor baten aurrean, datuak aldakorrak izan daitezke”.

Sailburuaren arabera, susperraldi hori posible izan da aurreko legegintzaldian zorraren maila asko jaitsi zelako, eta horri esker azkar erreakzionatu ahal izan zelako pandemian. Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi duenez, Euskadiko zorraren maila oso baxua da, BPGrekiko zor gutxien duen autonomia-erkidegoa delarik. Gainera, datorren urtean Euskadiren zorra are txikiagoa izatea espero dela gaineratu du.

Era berean, Azpiazu sailburuak esan du diru-sarrerei buruzko datuak oso positiboak direla, eta hori ezinbestekoa dela administrazio publikoentzat, “haiekin garatzen ditugulako gure politika publikoak”. “Horrek aukera ematen digu inbertsioak egiteko eta gastu publikoa bultzatzeko, eta hori positiboa da euskal gizarte osoarentzat”, adierazi du.

2022rako Euskadiko Aurrekontu Orokorrei dagokienez, Pedro Azpiazuk azpimarratu du Jaurlaritzak benetako borondatea zuela adostasunak zabaltzeko, Eusko Jaurlaritzarentzat garrantzitsua baita “herritarrei jakinaraztea gai garela adostasunetara iristeko. Nire ustez, politikan ohitu egin behar gara ezberdinen arteko akordioak lortzera. Politika erabilgarria garrantzitsua dela uste dut”, esan du.