Txema Olazabalek gidatutako bikaintasun-proiektua aurkeztu dute Basque Team Fundazioak eta Golfeko Euskal Federazioak

0
PRUEBA
  • Aurrerantzean Olinpiar Jokoetan euskal golfak beti ordezkaritza izatea  eta nazioarteko zirkuituetarako txartela duten jokalarien kopurua handitzea izango du helburu egitasmo honek

Donostian aurkeztu dute gaur goi mailako proiektua Augustako bi Master eta bost Ryder Cup (lau jokalari moduan eta bat kapitain moduan Medinah miraria delakoan) irabazi dituen Txema Olazabal golflari handiak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendariak, Olatz Legarza Basque Teameko koordinatzaileak, Vicente Aurelio Sainz Golfeko Euskal Federazioko presidenteak  eta Iñigo Manso Basozabal golf zelaiko presidenteak.

Txema Olazabalen eskuzabaltasuna, jakituria eta lana ardatz izango ditu egitasmoak, eta talde edo akademia forma hartuta, nabarmentzen diren euskal golflariei bultzada ematea izango du xede. Taldeak plangintza, laguntza tekniko eta gidaritza eta prestaketa fisikoa eskainiko dizkie jokalariari, helburua ez baita izango zuzenean diruz laguntzea, baizik eta jokalari profesional modura garatzen eta zirkuitu nagusienetara eta Olinpiar Jokoetara ailegatzen laguntzea.

Hiru mailako kirolariak hartuko ditu aintzat: dagoeneko nazioarteko zirkuitu nagusienetan egonkortuta dauden jokalari profesionalak; zirkuitu horietan sartu eta mailaz igotzea helburu duten jokalari profesionalak; eta, azkenik, goi errendimendu zentroetan edo Estatu Batuetako unibertsitateetako taldeetan egonik profesionaletarako bidean dauden jokalari amateurrak. Emakumezkoen kasuan, egun ez dago lehiatzen ari den profesionalik, eta ahalegin berezia egingo da gure amateur onenekin epe erdira begira. Zazpi jokalariz osatutako taldearekin egingo da lan: Javier Sainz Delgado, Borja Martin Torre, Roberto Garagorri Aldeanueva, Joseba Torre Olazabal, María Villanueva Aperribay. Natalia Aseguinolaza Martin eta Nieves Martin Torre.

Nazioarteko zirkuituetan ari diren jokalariek zirkuituan bertan jasoko dute Olazabalen aholkularitza, eta eguneroko lan dinamikarekin bat egingo dute txapelketen egutegiak uzten dienean. Bigarren mailako jokalariek eguneroko lan dinamika presentzialean murgilduko dira. Saio horietan Olazabal edota berak saio bakoitzerako erabakitzen duen teknikariarekin arituko da taldea.

Profesionaletara bidean dauden jokalarien lan egitaraua oso bestelakoa izango da, kurtsoan zehar, erredimendu zentroen edo unibertsitateen lan-egitarauaren mende egongo direlako. Hauen kasuan uda eta neguko oporraldietan antolatuko dira  gure taldeko entrenamenduak.

Orokorrean swing eta kolpearen teknika, estrategia, zelai eta joko baldintzen irakurketa eta azterketa, golpe aurreko eta ondorengo errutinak, entrenamenduko intentsitatearen hobekuntza, lehiatu aurreko eta ondorengo lanaren antolaketa eta hobekuntza, datu eta estatistiken interpretazioa, jokura egokitutako prestaketa fisikoa, lesioei aurrea hartzeko prestaketa fisikoa, helburuak finkatu eta lortzeko prozesuaren azterketa eta hobekuntza… jorratuko dituzte.

Zelaiei dagokienez proiektuak Basozabalen, Olazabalek berak diseinatutako zelaian, izango du egoitza. Horrez gain, Euskal Federazioaren kontura joango da Euskadiko gainerako klubetako zelaietan jokatu eta entrenatzeko aukerak bideratzea.

Punta-puntako teknologiaz ere baliatuko da egitasmoa. Donostiako Z-1 zentroan egingo dira swing analisi eta datu bilketak trackmanarekin. Teknologia berrienak aukera emango du datuen azterketan sakontzeko.

Giza baliabideetan proiektuak Iñaki Alustiza eta Juan Francisco Sarasti jokalari profesionalak izango ditu irakasle gisa, eta prestaketa fisikoa Maddalen Fuentesek zuzenduko du. Aipatu bezala, zuzendaria Jose Maria Olazabal izango da, baina horrez gain, entrenatzaile tekniko nagusi postuan aritu eta eguneroko lanean murgilduko da. Nabarmendu behar da txapelketa profesionaletan 29 garaipen, tartean Augustako bi masters eta bost Ryder Cup, lortu izanagatik Olazabalek era altruistan egingo duela lan.  Pello Iguaran golflari profesional eta Francesco Molinariren caddiearen laguntza izango du.