Donostiako Bretxako Arrandegi eraikina egokitzeko proiektua onartuta

0

Tokiko Gobernu Batzordeak erabaki du du Bretxako Arrandegi eraikineko elementu komunen 1.2 Faseko egikaritze proiektua baimentzea. Proiektuaren erabateko aurrekontua 9.256.487 eurokoa da.

Eneko Goia alkateak azpimarratu du gertaera garrantzitsua dela gune horretarako garrantzi handiko proiektu bat gauzatzeko lanen aurrerapenean. “Eraikina etorkizuneko erabileretara egokitzeko behin betiko urratsa da, hala nola merkatu tradizionaleko postuak kokatzeko, euskal gastronomia eta tokiko produktuak sustatuko dituen fundazio baterako gune bat prestatzeko, Erdialdeko eta Alde Zaharreko Osasun Zentro berria hartzeko, eta kiroldegi publiko estali bat sortzeko”, adierazi du.

Udalak ordainduko dituen obren zenbatekoa 3.870.890 eurokoa izango da, eta VI. Eranskinean zerrendatutako obrei dagokie (eremu komunak gaitzeko obrak, barruko lokalen mugaketa eta instalazio orokorrak), eta Udalak ez ditu proiektuan jasotako gainerako obrak ordaindu behar (5.385.596 euro).

Era berean, baimena eman da obrak hasteko (lanak egiteko epea 15 hilabetekoa izango da), eta Udalak ordaindu beharreko gastua 870.898 eurotan handitzeko, Bretxako merkatuko merkataritza gunea ustiatzeko eta kudeatzeko emakida kontratuaren aldaketatik eratorritako zehaztapen ekonomikoen kontzeptuan.

Eraikinaren barrualdea eraitsi ondoren eta fatxada inguratzaileak eta estalkia egokitzeko lanak amaitzen diren bitartean iritsi da pauso berri hau.

Bidebieta bidegorria

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Pasai San Pedro hiribidearen eta Bidebietaren artean bidegorria egiteko egin den proiektuaren eguneratzea. Honek 413.985 euroko aurrekontua du eta gauzatzeko gehieneko epea 4 hilabetekoa da.

Bidegorriak 455 metroko luzera du guztira, eta Pasai San Pedro etorbidearen eta Bidebieta auzoaren artean bizikletentzako konexioa sortzea du helburu, Donostiako udalerrian.

Proiektuak 2018ko Partaidetzazko Aurrekontuetan du jatorria, eta Azkuene kalearen inguruan hasiko den ibilbidea aurreikusten du, Donostiako udalerriaren barruan.

Ibilbidea Pasai San Pedro hiribidetik doa (galtzadatik eta espaloitik zatika), Colombine kalera iritsi arte. Bertan, Bidebietako Joan XXI etorbidearekin bat egiten duen gune batetik igarotzen da.

Alde Zaharreko ordutegiak

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du 2022 eta 2023 urteetarako Alde Zaharra turista-olde handiko eremu deklaratzeko eskaera, adierazitako mugaketa geografikoaren arabera (Salamanca pasealekua, Boulevardeko alde bikoitia, Urgull mendia, Kaiko pasealekua). Hori dela eta, inguruko saltokiek ordutegi askatasuna izango dute urte osoan, eremu osoan.

Paco Yoldi

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Paco Yoldi Udal Kiroldegian autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektua xede dituen obrak egiteko kontratazio espedientea. Lizitazioaren aurrekontua 340.000 eurokoa da eta kontratuaren gauzatze-epea 6 hilabetekoa da.

Asfaltatzea

Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du 2021eko galtzadako zoladuraren konponketak 1 eta 2 sortak obrak egiteko kontratazio espedientea.

1. loteak 636.922 euroko aurrekontua du eta 20 asteko epea, eta 2. lotean 600.243 euroko aurrekontua eta 15 asteko epea.